Liburua itzultzeaz gain, gertakaria oholtzara ere eraman du Iturririak.
Lehenengo aldia da Nerea Iturririak liburu bat itzultzeko ardura hartzen duela. Duela bi urte ekin zion Felix Sanzek idatzitako Las Brujas de Erratzu liburua euskaratzeari, “2019ko azaroan hasi nintzen baina 2020ko otsailean utzi nuen, gogoa behar da eta bertze gauzetan nenbilen… Irailean berriz ekin nion eta abendurako akitu nuen lehendabiziko zirriborroa”, azaldu du itzultzaileak Erran.eus atarian eskaini duen elkarrizketan.
Iturririak Baztango egungo euskarara itzuli du lana Nik Erratzuko ez sorginek izenburupean. Izan ere, bere ustez, liburuan azaltzen den jende hura ez zen sorgina izan.
Liburuak 1611. urteko Erratzuko gertakari bat kontatzen du. ”On Miguel Agirre apezak herritar batzuk sorgintzat hartu zituen, eta sorginak zirela onartu arte ez zizkien sakramenturik eman. Zenbaitzuk herriko etxe batzuetan preso hartu zituen. Baina ‘sorgin’ hauek salataria salatu zuten eta azkenean apeza izan zen Iruñean epaitu zutena”, azaldu du itzultzaileak.
Liburua itzultzeaz gain, gertakaria oholtzara ere eraman nahi izan du Iturririak, “Ataunen Jentilen etorrera egiten zela irakurri nuen eta hemengo zerbait egitea pentsatu nuenean Las brujas de Erratzu liburuaz oroitu nintzen. Liburua eszenaka dago eta horrek gauzak erraztu dizkit nahiz eta gero aldaketa anitz egin dizkiodan. Hasieratik antzezlana egiteko ideiarekin itzuli nuen, antzerkia betidanik gustatu izan zaidalako eta herritarren arteko ariketa polita eta aberasgarria delako”, adierazi du elkarrizketan.
Iturririak antzezlana udazkenean estreinatzea espero du.