(argazkia: Durangoko Azoka)

Abenduaren 1etik 4ra egingo da DA! PRO, sortzaileentzako topagune profesionala, Durangon

Hainbat kultur diziplina landuko dira: musika, familia-ikuskizunak, literaturatik ikus-entzunezkoetarako bidea, sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak…

Durangoko Azokako edizio honetan, DA! PRO egitasmoak aurreko edizioetan baino egitarau zabalagoa izango du. Kultur profesionalei begira topagunea abenduaren 1etik 4ra arte antolatuko da, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu: musika, familia-ikuskizunak, literaturatik ikus-entzunezkoetarako bidea, sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak… Topagune profesional hau Durangoko espazio ezberdinetan egingo da (San Agustin Kultur Gunea, Bizenta Mogel Biblioteka, Zugaza Zinema eta Landako gunea) eta parte-hartzea doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea lehenengo hiru egunetarako.

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Bilbon eta Gerediaga Elkarteko kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiak azaldu duenez, aurten indartuta helduko da: “Orain dela hiru urte hasitako bidea sakondu nahi izan dugu, DA! PROri bultzada sendoagoa emanez. Sortzaileentzat topagune bat sortu nahi dugu hartu-emanetan jartzeko arlo honetako profesionalekin, etorkizunean proiektu berriak sortzeko aukera aztertzeko”.

Orain arte DA! PRO egun bakarrean antolatu da, Durangoko Azokaren baitan, eta musikarekin lotuta egon da. “Aurten lau eguneko iraupena izango du, Azokako bezperako egunetan hasiko da, diziplina ezberdinak landuko ditu eta BBKren lankidetza izango du”, adierazi du Gaztelurrutiak.

Egitaraua

Abenduko lehenengo egunean hasiko da DA! PRO. “Aurreko bi urteetan hasitako bideari jarraipena eman eta musikari eta musika-taldeek euren proiektu berriak aurkezteko aukera izango dute Euskal Herriko programatzaileen aurrean, Musika Bulegoaren lankidetzarekin”.

Goizeko 09:00etatik 14:00etara hamar minutuko aurkezpenak egingo dituzte Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da proiektua euskarazkoa izatea eta aurten kaleratutako proiektuak eta Durangoko Azokan parte hartzen dutenak lehenetsiko dira. Izena emateko epea azaroaren 2an irekiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n itxiko da),  www.durangokoazoka.eus webgunean.

Abenduaren 2an formatu txikiko familia-ikuskizun eta tailerren txanda helduko da, kasu honetan Bizenta Mogel Bibliotekan. Arlo honetan lan egiten duten sortzaileek euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztu ahal izango dituzte sektore honetako teknikarien aurrean, 09:00etatik 14:00etara. Honetan ere izen ematea azaroaren 2an irekiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n itxiko da).

Hirugarren egunean, berriz, Azokako online denda martxan jarriko den egun berean, Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko? hitzaldi labur zikloa eta mahaingurua antolatuko da Durangoko Zugaza zinemetan, 11:00etan. “Edozein literatura lan egokitu daiteke ikus-entzunezko formatura? Zein irizpide hartzen ditu aintzat ekoiztetxe batek literatura lan baten aldeko apustua egiteko? Prozesu honetan guztian parte hartzen duten idazle, gidoilari, zine zuzendari eta ekoizleek parte hartuko dute”. Mahaingurua amaitzerakoan, hizlari eta entzuleen arteko iritzi trukea egongo da. Ikusle modura parte hartzeko, izena eman beharko da azaroaren 2tik aurrera.

Azken egunean, abenduaren 4an, Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak solasaldia egingo da Landakon bertan, 13:30ean. Bertan egile eskubideez, komunikazioaz eta kontratazio kontuez berba egingo dute hainbat adituk: EKKI Euskal Kulturgileen Elkartea, Amaia Ocerin komunikazio aholkularia eta Miriam Miranda Euskal Herriko Musikarien Elkarteko kidea.

Gerediagako kudeatzaileak “topaketa hauen antolakuntzan parte hartu duten eragileen aniztasuna” nabarmendu nahi izan du. “DA! PRO hazi bada eragile askoren arteko elkarlanaren ondorioari esker izan da”. Besteak beste, BBK Fundazioarekin batera, Musika Bulegoa, Berbaro elkartea, San Agustin Kultur Gunea, Durangoko Bizenta Mogel Biblioteka, EIE Euskal Idazleen Elkartea, Galtzagorri elkartea, Euskaltzaleon Topagunea, Hemen eta Gidoigileen Elkartea izango dira antolatzaile eta laguntzaileak.

Zabaldu: