‘Agur Etxebeste!’ filmak 22.000 ikusle baino gehiago izan ditu hamar egunetan

Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek Donostia 67. Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan aurkeztu zuten filma eta aste horretan bertan zinema aretoetan ere estreinatu zuten, Aupa Etxebeste! egin eta hamalau urtera.

Pasan den irailaren 27an estreinatu zuten Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileek Agur Etxebeste!, Aupa Etxebeste! filma sortu eta hamalau urtera, eta jada 20.000 ikusle baino gehiago zinema aretoetara joan dira pelikula ikustera. Euskarazko filma izanik, euskara hutsean eskaintzen dute edo gaztelaniazko azpitituluekin, aretoak erabakitakoaren arabera.

Altuna eta Esnal hainbat zinema aretoetan izan dira Aupa Etxebeste!-ren bigarren atal hau aurkezten eta euren esanetan, “ondo pasatzeko filma da”. Estreinatu berri duten filmean ere Etxebeste familia muturreko egoera batean jarri dituzte zuzendariek, gizarteari kritika eginez. Oraingoan, Patriziok (Ramon Agirre) eta Mari Luisak (Elena Irureta) euren rolak aldatuko dituzte. lehenengoak etxeko lanei eta familiari dagozkion erantzukizunei aurre egiten dien bitartean, bigarrenak udaleko agintea hartuko du bere gain. Batzuei, ordea, aldaketa hau ez zaie asko gustatuko, udaleko kontuak beti bezala jarraitzea nahiago dute. Herrian gauzak aldatu egingo dira, baina bereziki Etxebeste familiak biziko du aldaketa nabarmenena, bakoitzak bere modura biziz eta berriz ere familia elkarrekin egotea ezinbestekoa dela erakutsiz.

Zabaldu: