Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.
Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte: Agurtzane Intxaurragaren Zorretan eta Oier Guillanen Aztitza.
Intxaurragaren liburuak bi testu dakartza: Hitzak (2012) eta Zorretan (2024). Susa argitaletxeak azaldu duenez, “bi obrak hamabi urteko tartean eginak diren arren, badituzte puntu komunak ere: emakumeari historikoki lotu izan zaizkion rolen zama eta hartaz askatzeko tentsio kontzientea, oihartzun egiten duena egun jendartean bizi ditugun kezka ugariekin; bi obrak publikoaren tripak eta bihotzak zeharkatzen dituen gizatasun zorrotz batek lotzen ditu, hunkidura edonoren bizitzaren oihartzunekin lotzeko abileziarekin”. Horiez gain, “Intxaurragaren egile ahotsa errekonozitu daiteke bietan, denboran gertuago idatzita baleude bezala, eta bada istorioa egituratzeko eta bertan umore zipriztinak dramarekin harilkatzeko joera komun bat. Hitzek egiten gaituzte, hitzek sortzen dute nahi genukeen mundua, eta bi obra hauek mundu hobeago bat egiten laguntzen digutelakoan gaude”.
Aztitza liburuari dagokionez, Guillanek halaxe dio sinopsian: “Hasierak. Hasierak soilik. Gustukoa dut nola aurkezten diren istorioak, nola ehuntzen diren paisaiak, pertsonaia batzuen bizitzak kokatzeko. Nola hasten diren azaleratzen haien bizitzak ekintzen bitartez. Maite dut une hori zeinean ate bat zabaltzen den, non espektatiba bat sortzen den, non kuriositatea pizten den. Liburuen hasierak irakurtzen ditut, eta korapiloak hasten direnean irakurtzeari uzten diot. Lagunek beren oporrak kontatzen dizkidatenean kontakizunaren erdian komunera joaten naiz. Ez zait interesatzen istorioen bilakaera, haien hasiera baizik. Filmekin berdin. Film guztien lehen ordu erdia ikusten dut, eta gero zinematik ateratzen naiz, aspertzen hasten naizelako, istorio bat garatzen hasi orduko. Interesgarriena ez delako zer gertatuko den, gerta daitekeena baizik. Posibilitateak interesatzen zaizkit. Aukerak. Jakitea beste mundu posible batzuk daudela, horrekin konformatzen naiz. Ez dut gehiagorik jakin nahi”.
Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz.