Agustin Arrietak lau gazteren arteko elkarrizketa dakar ‘Gaueko eztabaidak’ liburuan

Posted on 2022-03-30 by KulturSharea

Hiru gautan banatu du egileak elkarrizketa hau: Lehenak zientziaz, erlijioaz eta egiaz dihardu; Bigarren gauak arteaz, generoaz, maitasunaz eta balioez; eta Hirugarrenak zoriontasunaz. Liburuak benetako elkarrizketaren eta eztabaidaren aldarrikapena izan nahi duela nabarmendu du egileak.

Gauez gertatzen den lau gazteren arteko elkarrizketa bat da Agustin Arrieta (Errenteria, 1962) idazle eta filosofiako irakasleak Donostian aurkeztu duen Gaueko eztabaidak (Erein) liburuaren bereizgarririk nagusiena. “Elkarrizketa horretan zenbait auziren edo gairen gaineko  eztabaidak bideratzen dira”, azaldu du egileak.

Hiru gautan banatu du Arrietak elkarrizketa: lehenak zientziaz, erlijioaz eta egiaz dihardu; bigarren gauak arteaz, generoaz, maitasunaz eta balioez; eta hirugarrenak zoriontasunaz. “Horiek guztiek aukera ematen dute galdera filosofiko zorrotzak egiteko”, adierazi du aurkezpenean Irati Zubia filosofian doktoregaiak.

Zubiak liburu hau ez dela filosofiarako sarrera bat azpimarratu du, baina balio du filosofian arreta izan duten gai eta auziak lantzeko. “Liburu honekin topo egiten duenak ez du filosofiarako sarrera bat topatuko du, baina topatuko du filosofia. Topatuko ditu lau ezezagun, eztabaidatzen, iritziak trukatzen, elkarri galdetzen, tarteka txantxak egiten, pixkanaka elkarren lagun egiten, elkarrekin talka egiten, puntu komunetara iristen, aldentzen… Eta liburuak berak, kontatzeko moduak, lagunduko dio akaso, galdera eta eztabaida horietara gerturatu nahi duenari. Eta irudimen ariketa batekin, nork bere burua imajina dezake galdetzen taberna horietakoren batean balego, gin tonic batekin edo katilu bat kaferekin, zer esango lukeen arteaz, egiaz, moralaz, zoriontasunaz eta beste hainbat kontuz”.

Liburuak benetako elkarrizketaren eta eztabaidaren aldarrikapena izan nahi duela nabarmendu du idazleak. “Helburua ez da nork bere kokagunean gotortzea, baizik eta argudioen bidez auziei aurre egitea. Hala, elkarrizketa, esan dezagun, ‘enpatikoa’ gertatzen da. Horrelako elkarrizketen eta eztabaiden premia dauka gure gizarteak”.

Arrietaren hitzetan, liburua egokia da gai edo auzi horiek gustuko dituen edonorentzat. “Gustatuko litzaidake liburua tresna bat izatea Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean. Hezkuntzan, argudioen bidezko eztabaidak bultzatu behar dira, norberak berea defendatzeko eta besteena entzuteko aukera ematen dutenak”.

Azkenik, idazleak irakurleak eztabaidetan eta elkarrizketetan parte hartzea, liburuan proposatzen diren arrazoiak balioestea eta liburuko protagonistekiko adostasunak eta desadostasunak agerian uztea nahiko lukeela adierazi du.

You may also like

Nahiak Nahi pop-rock talde berriaren ‘Sinesmena’ kantua
Posted on 2019-10-04 by KulturSharea
Nahiak Nahi Burlatan sortutako euskarazko pop-rock talde berria dugu. [...]
Mikel Markezen ‘Biribilean’ disko berriaren aurrerapen kantua: ‘Baina berdin dio’
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Joan den uztailean Oiartzungo Mecca estudioan, Biribilean izeneko [...]
‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]
‘Dardara hura’ izeneko binilozko singlea aurkeztu du Don Inorrez taldeak
Posted on 2019-09-27 by KulturSharea
2016an Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat iragarri [...]
Arantzazuri buruzko dokumentala estreinatuko dute gaur, Hernanin
Posted on 2019-09-26 by KulturSharea
  Nabarralde Fundazioak ondu du Arantzazu, harriz herri [...]

Page 42 of 57

Zabaldu: