Aingeru Epaltzak Edu Saragueta pertsonaia berreskuratu du ‘Erretzaile damutuen konpainia’ eleberrirako

Posted on 2022-10-10 by KulturSharea

Iruñean kokatu du istorioa egileak eta protagonista hainbat heriotza ekarriko dituen gertakari-kate baten ikerketan murgilduko da.

Aingeru Epaltza idazleak (Iruñea, 1960) duela 20 urte idatzitako Rock’n’Roll nobelako Edu Saragueta pertsonaia berreskuratu du, Donostian aurkeztu duen Erretzaile damutuen konpainia (Elkar) eleberrirako. Idazleak azaldu duenez, pertsonaia berreskuratu du urte hauetan irakurle batek baino gehiagok Edu berpiztea iradoki izan diolako, “momentu batean nik ere ideia hori izan nuen buruan, baina beste proiektu batzuetan nenbilen eta orain gauzatu ahal izan dut”.

Pertsonaia berreskuratu duen arren, “Edu diferente bat da orain”, dio idazleak. 20 urte gehiago ditu eta hirurogei urteko talaiara iristen ari da. Rock’n’Roll eleberrian “nahiko bizimodu desastrea zuen, alkoholarekin arazoak zituen, drogarekin ere bai, tabakoarekin…”. Orain, berriz, “osasun arazoak gainditu ditu, ez du erretzen, oso alkohol gutxi edaten du, drogetatik urrun bizi da eta lagun talde bat du, hain zuzen ere, erretzaile damutuen konpainia, sostengua ematen diona bizi osasuntsu horretan”.

Gainerakoan, baina, bere bizitzak desastre bat izaten jarraitzen duela kontatu du Epaltzak: ez du lanik, ez dirurik, ez osasun onik, ez bikote-lagunik. Horiek guztiak lortzeko eta bere bizitza aldrebestua zuzentzeko ahaleginak egingo ditu protagonistak, eta bilaketa horretan hamaika xelebrekeria biziko ditu, baita hainbat lagun bitxi ezagutuko ere.

Idazleak genero beltza aukeratu du oraingoan ere eskuartean dugun liburu hau ontzeko. Izan ere, hainbat heriotza ekarriko dituen gertakari-kate baten ikerketan murgilduko da protagonista. “Trama beltz honetan boterea, islamismoaren mamua… nahasiko dira, eta batez ere hor Iruñea multietniko bat agertuko da”, kontatu du.

Nobela beltz petoa izan arren, komedia garratz zein erotikoa ere bada Epaltzak argitaratu duen lan berria.

You may also like

Euskaraldiak ‘Esazu hitz bat’ izeneko abestia aurkeztu du aurtengo ediziorako
Posted on 2022-07-06 by KulturSharea
Xabier Zabalak, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek, Ainhoa [...]
Esti Markezek ‘Hitzekin jolasean’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2022-07-04 by KulturSharea
Aiako abeslariak bakarkako ibilbideari ekin dio eta urrian diskoa [...]
Benizzek ‘Mamuak eta izozkiak’ singlea aurkeztu du Ruper Ordorikarekin
Posted on 2022-06-21 by KulturSharea
Beñat Goitia Benizzek Mamuak eta izozkiak izenekohirugarren singlea [...]
Tartean Teatroak Simplicissimus antzezlana osorik jarri du sarean ikusgai
Posted on 2022-06-14 by KulturSharea
Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua [...]
Adinekoen munduak dakartza Maixa Zugasti idazleak ‘Atarian’ eleberrira
Posted on 2022-06-06 by KulturSharea
Eleberria hiru ahotsetan dago idatzita: bi adineko pertsonenak dira [...]
Lizar Begoña idazleak ‘Gepardo japoniarrak poema liburua kaleratu du
Posted on 2022-05-26 by KulturSharea
Palmondoak, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin [...]

Page 16 of 59

Zabaldu: