Ane Labaka idazle eta bertsolariak ‘Barraskiloek baino bat gehiago’ eleberria kaleratu du

Posted on 2023-10-06 by KulturSharea

Nobela honetako protagonista Sara da, hamar urteko neskato bat. Bere gurasoak banandu egin dira. Orain, Sara egoera berrira egokitu beharko da, bere lekua topatuz eta dolua gaindituz.

Sara izeneneko hamar urteko neskato bat da Ane Labakak gaur aurkeztu duen Barraskiloek baino bat gehiago liburuaren protagonista. Eleberria eszena jakin batekin hasten dela azaldu du idazle eta bertsolari lasartearrak: “Sararen gurasoek, sukaldeko mahaiaren inguruan daudela, banatzera doazela jakinarazten diote. Une hori abiapuntutzat hartuta, hortik aurrerakoak kontatzen ditu nobelak. Familia hori nola desegituratzen den, Sarak bere lekua nola topatu behar duen berriro, kaos horren erdian nola kokatzen den…”, kontatu du Labakak.

Abiapuntu horren bidez, liburuan familia ereduen inguruan hausnartzen dela nabarmendu du egileak, “maitasuna ere gaitzat hartzen da nobelan, askotan betierekoa den maitasun hori eta badirudiena ez dela formaz aldatzen eta hau, justu, kontrakoa erakustera dator”.

Idazle bezala, Labakarentzat “hamar edo hamaika urteko neskato horren ahotsetik lehenengo pertsonan kontatzea eta aldiro bere hitzetara, bere irudietara, bere esateko moduetara egokitzea” sailena izan da. Zentzu horretan, Uxue Razquin Ereineko editoreak ahotsa eta estiloa nabarmendu ditu, “erronka handia iruditzen zait eta modu berean ariketa oso interesgarria hamar urteko neskato baten ikuspegitik nobela bat kontatzea, are gehiago lehenengo pertsona aukeratzen bada, Anek egin duen moduan”. Editorearen arabera, hasieratik bukaeraraino sinesgarria izan behar da istorioa, irakurlea hasieratik harrapatzeko eta istorioan murgiltzeko.

Pedagogiko izateko asmorik gabe idatzi duela aitortu du Labakak, “ez nuen moralejarik edo irakaspenik eman nahi, baina bai etxeko lanei emanak diren aitak agertzea, ama idazleak, ama lesbianak, aitona maitakorrak… Saiatu naiz, zeharka bada ere, horrelako pertsonaia eta gaiei lekua egiten”, amaitu du idazleak.

You may also like

McOnak Taldeak ‘Kontrolatzen’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-11-26 by KulturSharea
McOnak Taldeak bere hamargarren urteurrena ospatzeko kaleratu duen [...]

Page 18 of 57

Zabaldu: