Basauriri aitortza egin nahi izan dio Mari Luz Estebanek ‘Haragizko erreformak’ poema liburuan

Posted on 2023-05-30 by KulturSharea

Idazleak Euskal Herrian bere kokatze eta euskaldun bihurtu eta izatearen ibilbideaz dihardu liburu berrian. Gaur aurkeztu du lana Donostian, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Mari Luz Esteban idazleak ondutako poema liburuetan harreman-sareetan arakatu izan du, “gutasunak zein nitasunak gorpuztean elkarrekiko harremanek, afektuek eta pentsamenduek zer-nolako eragina duten poetikoki adieraziz”, azaldu du Iratxe Retolaza editoreak. Lehen poema-bilduman, Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013), amaren genealogiak arakatzearekin batera, senidetasun- zein afektu-sareek sorturiko tentsio, desira, zauri zein grinak arakatu zituen; bigarren poema-bilduman, Andrezaharren manifestua (Pamiela, 2019), zahartzea bizitzeko, gorpuzteko eta birpentsatzeko moduez jardun zuen, begirada feminista ardatz izanda.

Gaur Haragizko erreformak izeneko olerki liburua aurkeztu du Donostian, Pamiela argitaletxearen eskutik. Hirugarren bilduma honetan, “genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan zein linguistikoetan arakatu du, askotariko adarkatzeez osaturiko genealogia afektibo eta politikoak poetikoki gorpuzteko”, adierazi du Retolazak.

Idazleak kontatu duenez, “Euskal Herrian nire kokatze eta euskaldun bihurtu eta izatearen ibilbideaz hitz egin nahi izan dut, ibilbide horrek dituen konplexutasun guztiekin”, izan ere, idazlea Burgosen jaio zen eta oso txikia zela Basaurira etorri zen bizitzera. Hala, liburu honekin, Basauriri aitortza bat egin nahi izan dio egileak.

Lehen atalean, oroitzapenen txatal poetikoak osatzen ditu idazleak, haurtzaroko geografia afektiboetan arakatuz, klase-kontzientziaren ernamuinak eta hizkuntza-kontzientziaren ernamuinak aletuz. “Kontzientzia ernaltze horren bizipen, eszena edo oroitzapen modura gorpuzten direnek, pixkanaka teorizatze poetikorantz egiten dute jauzi”, kontatu du editoreak. Teoria maketoa izeneko atalean kontzientzia ernaltze horrek sorturiko gogoeta poetikoa harilkatzen du, bere poetika edo bide estetikoa argitzeko urrats garrantzitsu bihurtzen dena. Bertan gurutzatzen dira aurreko ataletan printzaka aletuz joan diren zapalkuntza horien kontzientziak (feminista, herri-, hizkuntza- eta klase-kontzientzia…), posizio poetiko-politiko berri bat sortzeko, subjektu maketoarena, XXI. mendeko begirada batetik zeharkaturikoa.

Estebanek berriro ere subjektu poetiko-politiko bat sortzeko gaitasuna erakutsi duela dio Retolazak, “XX. mendeko hainbat zapalkuntza gurutzatu gogoeta poetikora bilduz, XXI. mendekoak birpentsatzeko akuilu poetiko pizgarri direnak”.

You may also like

Horazz-ek eta Suaiak “Ya vienen” kantaren bideoklipa aurkeztu dute
Posted on 2021-09-23 by KulturSharea
EZLNk Bizitzaren aldeko bira egingo du Europako 20 herrialde baino [...]
‘Birritan Bortxatua’, Nagore Laffage eta ‘La Manada’ kasuetan oinarritutako antzezlana
Posted on 2021-09-17 by KulturSharea
Nagore Laffage eta ‘La Manada’ kasuetan oinarritutako antzezlana da [...]
Beñat Sarasola, Iban Zaldua, Patxi Larrion, Garbine Ubeda eta Juan Luis Zabala elkarri irakurriz
Posted on 2021-09-16 by KulturSharea
Beñat Sarasola, Iban Zaldua, Patxi Larrion, Garbine Ubeda eta Juan [...]
Ibil Bedi talde nafarrak Agerraldia ekimenari kantua egin dio
Posted on 2021-09-15 by KulturSharea
Ibil Bedi taldeak Agerraldia ekimenari kantua egin dio. Agerraldia [...]
Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak ‘Hili’ album ilustratua kaleratu dute
Posted on 2021-09-13 by KulturSharea
Heriotzaren inguruan, Alberdik izandako hainbat burutapen eta galdera, [...]
Lur Jota taldeak ‘20 urte eta gero’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-13 by KulturSharea
Zorrotzako taldeak irailaren 18an kaleratuko du aurreneko diskoa eta [...]
Iker Laurobak ‘Uda’ diskoaren ‘Kilima aldaketa’ kantua aurkeztu du
Posted on 2021-09-10 by KulturSharea
Imanol G.Gurrutxaga eta Nagore Muriel (I.G.G. Ekoizpenak) izan dira [...]
Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak ´Ikusezina´ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-03 by KulturSharea
Musikari beratarrak gidatzen duen taldeak irailaren 10an argitaratuko [...]
Zelanda taldea sortu dute Fran Uriasek eta Ane eta Iñaki Bastida neba-arrebek
Posted on 2021-09-03 by KulturSharea
Hirukoak Amarena aurrerapen kanta aurkeztu du. Lehen diskorako bost [...]

Page 20 of 57

Zabaldu: