Denda baten kronika literarioa ondu du Uxue Alberdi idazleak

Posted on 2020-09-16 by KulturSharea

Alberdik inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat”.

Denda baten kronika literarioa dakar Uxue Alberdi idazleak Dendaostekoak izeneko liburu berrian. Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak gaur, aurkezpenean adierazi duenez, “dendari birekin izandako elkarrizketetatik jasotako informazioa antolatzeko, idazlearen eskuak egin du lan, kazetariarenak baino gehiago”.

2019ko urrutik 2020ko martxora bitartean, asteazkenero bildu da idazlea bi dendariekin Elgoibarko Pitxintxu dendako dendaostean eta hitzordu bakoitzean, bizpahiru orduz aritu izan dira galde-erantzunean. “Liburua elkarrizketa luze bat bezala irakur daiteke, ordu askotako elkarrizketa askoren eta haien lanketaren eta muntaiaren emaitza” dela dio, “informazioaren bila egin dut lan, tonu desberdinen bila, paisaia, argiztatze, pertsonaia, testura eta erritmo desberdinen bila”, kontatu du idazleak.

Dendatik eta dendara luzatzen diren hariek herri baten paisaia estetikoari eta paisaia humanoari begiratzen diotela ere aipatu du Alberdik. Lopezek bere aldetik, Dendaostekoak elkarren segidan antolatutako atal laburrez osatutako liburua dela dio, “dendarekin eta dendariekin lotutako ikuspuntu batetik bestera jauzi egiten du”.

Liburua dauden brodatu motak azaltzen abiatzen da eta dendarietako batek, josten ari dela, ikusitako manifestazio batekin jarraitzen du. Hortik, beste narratzatzaileak bizitako manifestazio bat deskribatzera pasatzen da. Lopezen arabera, liburuak denda bera eta dendarien arlo pertsonala eta soziala uztartzen ditu. “Dendan brodatu eta josi egiten da, baina baita diskoak eta opariak saldu ere”.

Liburuan dendako bizipenak narratzaileen egunerokotasunarekin nahasten dira eta urte horietan gertatzen ari denarekin. “Denda kontatzen du liburuak baina baita garai bat ere”, dio editoreak. “Dendariek dirua biltzen dute lagunei abortatzen laguntzeko, lagun anarko musikazale eta liburuzaleak dituzte, emakumez osatutako mendi taldea antolatzen dute, denda kokatuta dagoen kalea parranda gune zeneko sasoiak gogoratzen dituzte, dendarien elkartearen sorreran parte hartzen dute”.

Baina bi dendarien ahotsekin batera, badira beste ahots batzuk ere: bezero bat, zapata-denda baten jabea… hari nagusiari beste ertz batzuetatik begiratzen diote hauek.

Egileak inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat, mugimenduari eutsi behar zaio, jendeari kasu egin, kutxetatik atera behar dira salgaiak, baita memoria, zauriak eta asmoak ere”. Lopezen ustez, “umorea eta auto-ironia daude dendarien ahotsean eta ez dituzte zenbait kontu zikin isiltzen”.

You may also like

Eñaut Elorrietak ‘Tren luzea’ kantaren bertsio berri bat aurkeztu du
Posted on 2021-06-17 by KulturSharea
Eñaut Elorrieta musikariak Tren luzea kantaren bertsio berria aurkeztu [...]
Laba, euskara bazterretik erdigunera eramango duen proiektua aurkeztu dute
Posted on 2021-06-11 by KulturSharea
Euskaldunen komunitatearentzako eta harengana hurbildu nahi duten [...]
Asel Luzarragak ‘Malthusen ezinegona’ izeneko eleberri distopikoa aurkeztu du
Posted on 2021-06-03 by KulturSharea
Idazleak adinaz, denboraren kudeaketaz, bizitzaren helburuaz, gizon [...]
Emakumeen indarra islatzen duen diskoa kaleratu du Amak taldeak
Posted on 2021-06-03 by KulturSharea
Zortzi kantuz osatuta, eserita entzuteko lana ondu du laukote [...]
Gatibu taldeak ‘Egunero’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Gatibu talde bizkaitarrak Egunero abestiaren bideoklipa aurkeztu du. [...]
‘Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola’ jardunaldia
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Sarrera: Lorea Agirre Dorronsoro (Jakin Fundazioko zuzendaria) [...]
Eñaut Elorrietak Zarauzko Lizardi institutuan eskainitako saioa
Posted on 2021-05-28 by KulturSharea
Musikariak ikastetxean programaren barruan, Eñaut Elorrieta Zarauzko [...]
Potx eta Lotx pailazoek ‘Pilota berria’ izeneko kanta aurkeztu dute
Posted on 2021-05-23 by KulturSharea
Potx eta Lotx pailazoek Pilota berria izeneko kanta aurkeztu dute. [...]
Zea Mays taldeak ‘Adore’ izeneko EP berria eta bideoklipa arkeztu ditu
Posted on 2021-05-21 by KulturSharea
Bi abestiz osatutako EPa eta Adore izeneko aurrerapen kantua aurkeztu [...]

Page 22 of 57

Zabaldu: