Gizon izateko agindua auzitan jarri du Aritz Galarragak ‘Izan gizona’ saiakeran

Posted on 2026-09-17 by KulturSharea

Gizontasuna nola eraikitzen den eta gizarteak ezarritako gizon ereduak emakumeei ez ezik gizonei eurei ere nola eragiten dien aztertu du Aritz Galarragak Izan gizona liburuan. Alberdaniak argitaratutako saiakerak autobiografia du abiapuntu, maskulinitate hegemonikoaren eraikuntzari eta hartatik askatzeko aukerei buruz hausnartzeko.

“Gizon bat ez da gizon jaiotzen, gizon bilakatzen da”. Simone de Beauvoirren ideia ezagunetik abiatu da Aritz Galarraga Izan gizona saiakera idazteko, eta hortik dator liburuak mahai gainean jartzen duen galdera nagusia: nola eraikitzen da gizontasuna? Jaiotzatik helduarora bitartean gizon izateko modua taxutzen duten espazio eta harremanei begiratu die egileak, bere esperientzia pertsonala hari gisa hartuta.

Liburuaren izenburuak berak laburbiltzen du planteamenduaren parte bat. “Izan gizona. Agindu bat da, ez aukera bat”, dio Galarragak. Familia, eskola, lagunartea, maitasuna, sozializazioa eta gerra-kultura aztertzen ditu gizarteak nagusitzat ezarritako gizon eredua nola eraikitzen den erakusteko. Eredu horretatik aldentzea zaila dela dio, eta haren ondorioak ez dituztela emakumeek bakarrik pairatzen: gizonen askatasuna ere mugatzen du, rol zurrunetara behartuta.

Autobiografia baliatu du prozesu hori konkretura eramateko. “Ez bereziki interesatzen zaidalako nire bizitza, ez bereziki berezia delako; kontrara, gizon arrunt askoren biografiak erreplika ditzakeela uste dudalako”, azaldu du. Haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa zeharkatzen ditu horretarako, besteak beste mutilen arteko larderia, gorputzaren gaineko presioa, emozioak isilaraztea, aitatasuna eta generoari buruz jasotako ideiak aztertuz.

Gorka Bereziartua editoreak ere liburuaren izaera arrunt hori nabarmendu du: “Ez da indar erakustaldi bat, ezta heroi baten ibilbidea ere”. Haren hitzetan, gizon bilakatzeko prozesua erakusten duen kontakizuna da, “desiraren, beldurraren, lotsaren, aurreiritzien eta onarpenaren arteko bidaia bat”.

Galarragak, ordea, ez du gizontasun hegemonikoaren diagnostikoan geratu nahi. Gizonezkoak emakumeen zapalkuntza sostengatzen duen sistema patriarkaletik nola aska daitezkeen ere planteatzen du. “Historiako iraultza handienetan gizonek protagonismo nabarmena izan dute; zergatik ez, orduan, gure garaiko eraldaketa sakonenetako batean, feminismoaren eskutik datorrenean ere parte hartzen hasi?”, galdetu du.

You may also like

Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’ osorik ikusgai
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
Azken aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz [...]
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko dokumentala sortu dute
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez [...]
‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]

Page 60 of 63

Zabaldu: