Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen azken lana aurkeztu du

Posted on 2021-07-19 by KulturSharea

Euri zitalari esker eleberria Donibane Garazin abiatzen da. Istorioaren ardatzean Maddiren desagerpena dago, emakumearen ama detektibearengana joango da alaba aurki dezala eskatuz. Erretiroa hartzear dagoen arren, Ezpeldoik kasua onartuko du.

Itxaro Bordak (Baiona, 1959) ia hiru hamarkada iraun duen abenturari amaiera ematea erabaki du. Amaia Ezpeldoi detektibea erretreta hartzera doa Euri zitalari esker (Susa) eleberrian, halaxe agindu dio Joana Garralda maitaleari. Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango da Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi. Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik.

Aurrean duen misterio hori argitzeko pausoak lehen pertsonan kontatuko ditu detektibeak, baina, tarteka, liburuan “badira hirugarren pertsonan kontatutako atal batzuk ere Ezpeldoiri ez, baina irakurleari arrasto batzuk emango diotenak” azaldu du Maialen Berasategik Donostian egin duten aurkezpenean.

Eleberri honetan “atzera begiratze bat dago”, dio Berasategik, “aurrera ere begiratzen du, jakina, erretiroaren promesa hori dela medio”. Ezpeldoik balantze moduko bat egiten du 30 urte horietako bilakaera bital, pertsonal, profesional eta sozialaren inguruan.

Ibilbide luzeko pertsonaia

Ezpeldoi ibilbide luzeko pertsonaia literarioa da. Bordak 1994an sortu zuen detektibea Bakean utzi arte (Susa) nobelan. 1990-1991 urteetan, Zuberoan eraiki nahian ari ziren gas-hodiaren afera dela-eta, “eztabaida eta debate horiek guztiak -aldekoak, kontrakoak zein iritzirik ez zeukatenenak-” liburu batean bildu nahi izan zituen Bordak, eta bere lehen eleberri beltza izango zenerako Ezpeldoi eraman zuen kasua ikertzera.

30 urte hauetan, Euskal Herriko hainbat gai salatu ditu Bordak bere pertsonaiaren bidez, “salaketa ugari egiteko beta eta baliabidea” topatu duela dio. Gainera, betidanik nobela beltzen zalea izan da, zenbait gertakari berezi kontatzeko biderik egokiena dela uste du baionarrak. Besteak beste, genero beltzeko pertsonaia bereziei esker injustiziak salatzeko eta auto-zentzura ekiditeko bidea topatu dute idazle batzuek euskal literaturan. Ezpeldoiren bitartez bide hori bilatu duela dio Bordak, “nobela edo literatura sorkuntza batek auto-zentsuraren atzamarretatik askatzeko balio dezakeelako”, bere esanetan. Besteak beste, gai ekologistak, familiaren ingurukoak, antimilitaristak edo politikoak kritikaren jomugan egon dira Baionako idazlearen lanetan. Hala, idazlearen hitzetan, bilduma honek badu memoria kolektiboaren ontzitik.

Bilduma oso baten seigarren liburua da Euri zitalari esker eta Bordak iragarri duenez, azkena. Horrek aurreko eleberrietako pertsonaiak seigarren atal honetan bazkari baten bueltan biltzera eraman du idazlea. Baina, nahiz eta lehengo istorio edota pertsonaia batzuk agertzen diren nobela modu independentean irakur daitekeela nabarmendu du Berasategik, “ez dago haria galtzeko arriskurik”.

You may also like

Poesiaren ertzei eta mugei buruzko poema liburua ondu du Harkaitz Cano idazleak
Posted on 2023-12-04 by KulturSharea
Ulu egiteko bolondres bila liburua gaur aurkeztu du Donostian. Lau [...]

Page 4 of 57

Zabaldu: