Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen azken lana aurkeztu du

Posted on 2021-07-19 by KulturSharea

Euri zitalari esker eleberria Donibane Garazin abiatzen da. Istorioaren ardatzean Maddiren desagerpena dago, emakumearen ama detektibearengana joango da alaba aurki dezala eskatuz. Erretiroa hartzear dagoen arren, Ezpeldoik kasua onartuko du.

Itxaro Bordak (Baiona, 1959) ia hiru hamarkada iraun duen abenturari amaiera ematea erabaki du. Amaia Ezpeldoi detektibea erretreta hartzera doa Euri zitalari esker (Susa) eleberrian, halaxe agindu dio Joana Garralda maitaleari. Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango da Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi. Garraldaren 4x4a hartu eta haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi, Maddiren desagertzea azken kasua izango duela zin eginik.

Aurrean duen misterio hori argitzeko pausoak lehen pertsonan kontatuko ditu detektibeak, baina, tarteka, liburuan “badira hirugarren pertsonan kontatutako atal batzuk ere Ezpeldoiri ez, baina irakurleari arrasto batzuk emango diotenak” azaldu du Maialen Berasategik Donostian egin duten aurkezpenean.

Eleberri honetan “atzera begiratze bat dago”, dio Berasategik, “aurrera ere begiratzen du, jakina, erretiroaren promesa hori dela medio”. Ezpeldoik balantze moduko bat egiten du 30 urte horietako bilakaera bital, pertsonal, profesional eta sozialaren inguruan.

Ibilbide luzeko pertsonaia

Ezpeldoi ibilbide luzeko pertsonaia literarioa da. Bordak 1994an sortu zuen detektibea Bakean utzi arte (Susa) nobelan. 1990-1991 urteetan, Zuberoan eraiki nahian ari ziren gas-hodiaren afera dela-eta, “eztabaida eta debate horiek guztiak -aldekoak, kontrakoak zein iritzirik ez zeukatenenak-” liburu batean bildu nahi izan zituen Bordak, eta bere lehen eleberri beltza izango zenerako Ezpeldoi eraman zuen kasua ikertzera.

30 urte hauetan, Euskal Herriko hainbat gai salatu ditu Bordak bere pertsonaiaren bidez, “salaketa ugari egiteko beta eta baliabidea” topatu duela dio. Gainera, betidanik nobela beltzen zalea izan da, zenbait gertakari berezi kontatzeko biderik egokiena dela uste du baionarrak. Besteak beste, genero beltzeko pertsonaia bereziei esker injustiziak salatzeko eta auto-zentzura ekiditeko bidea topatu dute idazle batzuek euskal literaturan. Ezpeldoiren bitartez bide hori bilatu duela dio Bordak, “nobela edo literatura sorkuntza batek auto-zentsuraren atzamarretatik askatzeko balio dezakeelako”, bere esanetan. Besteak beste, gai ekologistak, familiaren ingurukoak, antimilitaristak edo politikoak kritikaren jomugan egon dira Baionako idazlearen lanetan. Hala, idazlearen hitzetan, bilduma honek badu memoria kolektiboaren ontzitik.

Bilduma oso baten seigarren liburua da Euri zitalari esker eta Bordak iragarri duenez, azkena. Horrek aurreko eleberrietako pertsonaiak seigarren atal honetan bazkari baten bueltan biltzera eraman du idazlea. Baina, nahiz eta lehengo istorio edota pertsonaia batzuk agertzen diren nobela modu independentean irakur daitekeela nabarmendu du Berasategik, “ez dago haria galtzeko arriskurik”.

You may also like

Nola ospatzen da zure herrian San Joan bezpera?
Posted on 2019-06-21 by KulturSharea
Bideoa: ahotsak.eus Nola ospatzen da zure herrian San Joan bezpera? [...]
Kau Kori Kura-ren ‘German Garmendia’ abestia entzungai
Posted on 2019-06-18 by KulturSharea
Mikel Aizpuruak sortutako proiektua da Kau Kori Kura. 2015ean hasi zen [...]
Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace band-ek ‘Like Artifizialak’ kantua aurkeztu du
Posted on 2019-06-18 by KulturSharea
Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace band-ek udaren ostean [...]
‘Ilun eta eder’ Kantua aurkeztu du Abereh bakarlariak
Posted on 2019-06-17 by KulturSharea
Ilun eta eder izeneko abestia aurkeztu du Abereh bakarlariak Laino eta [...]
‘Errua norena da?’ diskoa kaleratu du Eztanda taldeak
Posted on 2019-06-17 by KulturSharea
Eztanda, 2015eko udaran Tolosaldeako lau gaztek osatutako talde bat [...]
Zazkel taldeak ‘Estatu Kolpea’ abestiaren bideoklipa argitaratu du
Posted on 2019-06-14 by KulturSharea
Zeberioko Zazkel taldeak Estatu Kolpea izeneko bideoklipa argitaratu [...]
Pello Reparaz bueltan da ‘Zetak’ proiektuarekin
Posted on 2019-06-11 by KulturSharea
Errepidean izeneko singlea zabaldu du sare sozialen bidez Pello [...]
Kaldearte, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia, asteburu honetan Gasteizen
Posted on 2019-06-06 by KulturSharea
Bihar, ekainak 7, hasiko da Kaldearteren XIV. edizioa, Gasteizko [...]
‘Miss Karaoke’ antzezlana osorik ikusgai sarean
Posted on 2019-06-06 by KulturSharea
Metrokoadroka eta Pez Limbo konpainiek elkarlanean sortutako Miss [...]
Nafarroa Oinez: ‘Izan Argi’ kantua
Posted on 2019-06-03 by KulturSharea
Urriaren 20an izango da aurtengo Nafarroa Oinez jaia Tuteran, Izan [...]

Page 44 of 55

Zabaldu: