Jon Artano Kazetariak ‘Juana’ liburua aurkeztu du Elkarren eskutik

Posted on 2023-10-26 by KulturSharea

Juana Perea Plataren familia, bizitza eta bere erailketa ikertu ditu zestoarrak Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu duen ez fikziozko lan honetan.

Aterkia eskuan heldu da Jon Artano kazetaria Elkarrek Donostiako Fermin Kalbeton kalean duen dendara. Bertan, Juana izenburuko liburua aurkeztu du. Zestoakoak Tene Mujika beka irabazi zuen iaz, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta gure artean dabiltzan hainbat amerikarrenak kontatzeko Anderik Ande izeneko proiektuarekin. Ikerketa lan horrek Juana Perearengana eraman du egilea, gaur aurkeztutako liburuaren protagonista.

Perea 1937an Bilbotik ihesi, Bogotara iritsitako euskal familia batean jaiotako “ardi beltza” izan zen, legendazko emakume bat. “Juana oso noizbehinka sortzen diren pertsona horietako bat zen, ausarta. Nerabe zenean etxetik alde egin zuen Karibera, itsasoa ezagutu nahi zuelako. Urpekari profesional bihurtu zen, belaontziko kapitain lanetan ibili zen, Karibe guztia zeharkatu zuen, Afganistanen ibili zen gerran, ikus-entzunezkoetan ere aritu zen eta bere erretiroa prestatzeko hotel bat eraikitzen ari zen Ozeano Barean. Bertan, ingurugiroaren defentsan nabarmendu zen eta gizartea bultzatzeko eta kohesionatzeko lanean aritu zen etengabe. Bere senide batek esaten duen bezala, urakan bat zen eta agian gehiegi nabarmendu zelako eta ezeri beldurrik ez ziolako Kolonbiako bazter hartan agintzen dutenek erail egin zuten”, Azaldu du egileak.

Juana 2020ko urriaren 29an erail zuten. Krimena gertatu zen tokira joanda eta ikerketako agiriak aztertuta, “zergatik, nork, nola, noiz eta zer baldintzetan erail zuten eta zer gertatu zen erailketa horren aurreko egunetan ulertzen ahalegindu naiz”, kontatu du Artanok.

Horretarako, oinarrian elkarrizketa asko daudela nabarmendu du kazetariak, “ordu asko dira dokumentuak ikertzen eta dokumentu horiek ekoitzi dituztenekin elkarrizketak egiten”. Esan daiteke, beraz, kazetaritza lan bat dagoela atzean, “ez fikziozko lan bat da, baina literaturak ematen dituen trikimailuez baliatu naiz liburu entretenigarri bat egiteko, nirea ez da fiskaltzaren txostena bezain lehorra, nireak baditu behintzat ñabardura batzuk nobela beltzetik hartu daitezkeenak, adibidez”.

Liburua bi zatitan banatu du Artanok: alde batetik, Juanaren familia eta Euskal Herriarekiko zuen lotura, eta, bestetik, protagonista beraren bizitza eta erailketa.

You may also like

Xabi Solano, ‘Askatasunaren besoetan’ kantua
Posted on 2020-11-10 by KulturSharea
Xabi Solano trikitilariak plazaratutako Trikitixa Liburua III-k [...]
‘Bila nazazu’, Mikel Markezen kantu berria entzungai
Posted on 2020-11-06 by KulturSharea
Hiru aste dira Esti Markezek Oroitzapenek esnatu naute kantua eta [...]
Durangoko Azokak 55. edizioaren spota aurkeztu du
Posted on 2020-10-29 by KulturSharea
Bihotz baten taupadak ematen dio hasiera iragarkiari. Azokako aurtengo [...]
Iker Laurobak ‘Udaberria’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2020-10-28 by KulturSharea
Iker Lauroba musikariak Udaberria izeneko kanta eta bideoklipa [...]
Toti Martinez de Lezeak ‘Egurra S.A’ intrigazko eleberria aurkeztu du
Posted on 2020-10-27 by KulturSharea
Liburu hau ontzea erronka bat izan da idazlearentzat, izan ere, [...]
‘Erlauntza’ filmaren trailerra ikusgai
Posted on 2020-10-26 by KulturSharea
Erlauntza filma azaroaren 6an estreinatuko da eta Kepa Errastik eta [...]
Endika LaHaine eta Hawaiiano Kid-en ‘Sputnik Outro’ kanta
Posted on 2020-10-23 by KulturSharea
Endika LaHainek eta Hawaiiano Kid-ek Sputnik Outro kanta berria [...]
Nøgen taldeak ‘Zeri Begira Hartu Nahi Duzu Lo?’ kanta aurkeztu du
Posted on 2020-10-23 by KulturSharea
Nøgen taldearen single berria dugu Zeri Begira Hartu Nahi Duzu Lo? [...]

Page 28 of 57

Zabaldu: