Joxean Sagastizabalek ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ eleberriaren berrargitalpena aurkeztu du

Inork ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. Joxean Sagastizabal idazlearen sekretua, Oier Etxebeste Alberdaniako editorearen arabera, “umorearen tratamendu literario berritzailea” izan zen.

Joxean Sagastizabal idazleak Kutsidazu bidea, Ixabel eleberria argitaratu zuen 1994an, eta ordutik hona, 100.000 aletik gora saldu dira. Orain, eleberri umoretsu honen berrargitalpena aurkeztu du egileak Alberdania argitaletxearen eskutik.

Argitaletxeak azaldu duenez, “umorea da eleberri honen ardatza. Umorea literatura tratamendu egokiz egina, estilo arinez, generoaren arauekiko berritzaile, eta beste berezitasun garrantzitsu batekin: arrakasta. Giharren bat ukitu izango du liburu honek euskaldun berri edo zaharberrituen gorputzean, nork bere burua identifikatua sentitzeraino pasarteren batean edo bestean. Izan ere euskal belaunaldi baten ispilu konplexurik gabea da Kutsidazu bidea, Ixabel”.

Idazlearen arabera, Kutsidazu bidea, Ixabel euskal “literaturaren misterio misteriotsuena” da. “Nola da posible 1994an argitaratu zen liburu xume bat oraindik presente egotea abiada eskizofrenikoan dabilen munduan? Erantzun posibleak: Jendeari barre egitea gustatzen zaio, eta Kutsidazu barregarria (omen) da. Bestetik, hainbat herritar identifikatu egiten da homo urbanikola euskarabaldarrensis-aren Vasconum arriskutsuen arteko abenturekin”.

Ziurrenik, gaur egunera arte behintzat, euskararen “saga” bakarra izango dela dio Sagastizabalek: “liburua, CD bat jolasekin, antzerkia, pelikula, seriea, bigarren liburu bat, musikala; eta benetako bide bati, Hernialderen eta Alkizaren bitartekoari, Kutsidazu bidea izena jarriko zaio hilaren 14an, datorren ostiralean”.

Umorezko literatura eta arrakasta eskutik

Oier Etxebeste editoreak kontatu duenez, “100.000 aletik gora saldu dituen eleberri hau duela hogeita hamabi urte argitaratu zen, eta Alberdania lan hori argitaratu baino urtebete eskas lehenago sortu zen. Garai horretan, ez zen umorezko literatura egiten. Horregatik, Inazio Mujika Iraolak hitzaurrean dion bezala, hasieran eskuizkribuari mesfidantzaz begiratu zioten orduko editoreek. Hala ere, liburuak sortzen zituen barre eutsiezinak bultzatu zuen argitaletxeak argitaratzea”.

Inork ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. Sagastizabalen sekretua, Etxebesteren arabera, “umorearen tratamendu literario berritzailea” izan zen. Gainera, “euskaltegietako ikasleak euskal landa giroan murgiltzean bizi izandako gorabeheren kontakizun dibertigarria da, non irakurleak identifikatu daitezkeen”.

You may also like

Haize-arrosa taldeak ‘Ez dogu zor ezer’ kanta eta bideoklipa kaleratu ditu
Posted on 2023-11-06 by KulturSharea
Abestiak gizarteak edertasunaren inguruan sortu dituen kanonak [...]
Arrakasta ardatz duen saiakera aurkeztu du Jasone Osoro idazleak
Posted on 2023-10-31 by KulturSharea
Gaian sakontzeko, hamaika lagun luze eta zabal elkarrizketatu ditu [...]
Modus Operandi taldeak Berri Txarraken ‘Oreka’ kantaren bertsio berria kaleratu du
Posted on 2023-10-30 by KulturSharea
Modus Operandi taldeak Durangoko Azokarako argitaratuko dituen [...]
Jon Artano Kazetariak ‘Juana’ liburua aurkeztu du Elkarren eskutik
Posted on 2023-10-26 by KulturSharea
Juana Perea Plataren familia, bizitza eta bere erailketa ikertu ditu [...]
Engelsen ‘Etxebizitzaren auzia’ liburua euskaratu du Ane Garciak Katakrak argitaletxearen eskutik
Posted on 2023-10-25 by KulturSharea
Kapitalismoan etxebizitza ulertzeko eta jabetza pribatuan [...]
Gorka Suaiak laster argitaratuko duen diskoaren bigarren aurrerapen karta kaleratu du
Posted on 2023-10-18 by KulturSharea
Ez dut abesteko beharrik du izena kantak eta Kostako Beatsek ekoitzi [...]
Gasteizko herri mugimenduko kolektiboen urtebetetzerako kantua sortu du Micek ‘Ehundu Gasteiz’ izenpean
Posted on 2023-10-16 by KulturSharea
Hala Bedi, Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua, Errekaleor [...]

Page 7 of 59

Zabaldu: