Laba, euskara bazterretik erdigunera eramango duen proiektua aurkeztu dute

Posted on 2021-06-11 by KulturSharea

Euskaldunen komunitatearentzako eta harengana hurbildu nahi duten guztientzako espazio bat ireki nahi dute. Horretarako, diru bilketa abiarazi dute itsulapikoa.eus plataformaren bidez.

Euskara bazterretik erdigunera eramateko asmoz jaio da Laba proiektua, Iruñean. Bi aldeko ideia dela diote sustatzaileek; “agerikoena kokapen fisikoarekin zerikusia duena da”, Iruñeko euskaldunen komunitatearentzako elkargunea izango baita. Alderdi sinbolikoa da bestea, “euskara ikusgarri eta entzungarri” egin nahi dute, erakargarria  eta eskuragarria dena. “Jauzi bat eman nahi dugu, euskararen alde egotetik euskaraz egitera, baita ari garela ohartu gabe ere. Ez dugu gure burua aldiro justifikatu beharrik, askoz sinpleagoa da: Iruñean bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizi gara. Hiriari aurrez aurre mintzatu, hiriari eman, eta hiritik hartu”, adierazi dute sustatzaileek.

Horretarako, erabilera anitzeko espazio bat eraiki nahi dute Iruñeko Gazteluko plazan, “arkupeak babestutako lokal bat, eta plazara irekitako gunea”. Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia. Baina espaziotik harago doa ideia: “izan dadila irradiazio gune, proiektu berrietarako abiapuntu, eta harremanetarako aitzakia. Bildu gaitzala, baina batez ere zabaldu. Krater bat irekitzera goaz, barreiatu dadin euskara hiri osora”.

Egitasmoaren atzean euskararekin eta euskal kulturarekin beste proiektu batzuetan parte hartu izan duen jendea dago, baina euskalgintzaren egituretatik aparte zeuden beste asko ere batu da proiektura. “Gazteak gara asko, baina beteranoak ere bagara. Ez baikara zerotik sortu, baina infinitua dugu amets”.

Proiektua finantzatzeko diru bilketa bat abiarazi dute itsulapikoa.eus plataformaren bidez, “erronka ez da makala: 30.000 euro lortu nahi ditugu, egitasmo honi lehen bultzada emateko”. Finantzaketa kolektiboaz gain, partaide aktiboak ere behar dituztela azpimarratu dute, ideiak, proposamenak, eta proiektuak, etengabe berrasmatzen den gunea izan dadin. “Izan dadin esperientzia kolektibo bat, bizipen bat, gune bat baino gehiago. Ederragoa da dena auzolanean”.

You may also like

Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’ osorik ikusgai
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
Azken aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz [...]
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko dokumentala sortu dute
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez [...]
‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]

Page 56 of 59

Zabaldu: