Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordak idatzitako ‘Itzalen tektonika’ poema liburu berriak

Posted on 2024-04-24 by KulturSharea

Askotariko gaiak landu ditu lan honetan, horien artean daude politika, ekologia, maitasuna… Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana.

Itxaro Bordaren (1959, Baiona) hamahirugarren poemategia dugu Donostian aurkeztu duen Itzalen Tektonika izenburukoa. Askotariko gaiak ageri dira lan honetan: politika, ekologia, maitasuna… horiek guztiak jasotzeko bada liburua berezi egiten duen ezaugarri bat: Egitura. “Sarrerako poema bat eta zazpi atal ditu, erdian du epizentroa eta lurrikara baten dardararekin, liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren uhinak, hiruna erreplikatan”, azaldu du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak. “Epizentroa atalak 34 poema biltzen ditu, eta liburuaren izenburu bera darama: Itzalen tektonika. Atal hori baino lehen, hiru erreplika daude, eta ondoren, beste hiru. Hala, poema liburu honetan badaude markatuagoak dauden bi irakurketa modu posible: “Ordena arruntean irakur daiteke, hasieratik amaierara, edo irakurlea epizentrotik hasi daiteke eta gero errepliketan barneratu”.

Epizentro ataleko poemak laburrak dira, denak orrialde bakarrekoak eta gai aldetik askotarikoak: idazketa eta hizkuntza, gerra, maitasuna, natura, orainean txertatutako iragana, harremanak, politika, familia, sumendiak… eta horien guztien itzalak. Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du atal hau, “neskaren aldera nola gerturatu ez dakien norbaiten ahotsa, idazketa eta desira lotuta daude hasieratik”, zehaztu du editoreak.

Erreplika ataletako poemak, berriz, luzeagoak dira, baina atal bakoitzak poema gutxiago ditu, 2 eta 5 poema artean, guztira 19 poema daude bilduta sei atal hauetan. Gaiei dagokienez, feminismoa, gai sozialak, ekologismoa harremanak, maitasuna… dira nagusi.

Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana. “Testu gehienak Pirinioetan idatzi ditut, poetizazio nomada batean, “hotelak daude, ibilaldiak, lekuak, tren geltokiak”.

Egileak Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol edo Olot herria ere omendu nahi izan ditu liburu honekin.

You may also like

‘Bat’, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga
Posted on 2020-04-20 by KulturSharea
Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga aktoreek sortutako ikus-entzunezko [...]
Zetak – ‘Zeinen ederra izango den’
Posted on 2020-04-20 by KulturSharea
Zetak taldeak berrogeialdian sortu du Zeinen ederra izango den izeneko [...]
Maider Zabalegik ‘Etenean keinu bat’ kanta sortu du
Posted on 2020-04-16 by KulturSharea
Maider Zabalegik itxialdian ondutako kanta berria aurkeztu du. Santi [...]
‘Etenaldia’ izeneko kanta ondu du Aingeru Gorrotxategi musikariak
Posted on 2020-04-16 by KulturSharea
“Egoera honetan, zeintzuk dira gure beldurrak, erronkak... Zerbait [...]
Amak taldeko kideen ibilbideak bideo labur batean bildu dituzte
Posted on 2020-04-15 by KulturSharea
Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solanoren [...]
‘HTX20: Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentala ikusgai
Posted on 2020-04-14 by KulturSharea
Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak 2017ko udan Lakuntzan egin zen [...]

Page 33 of 56

Zabaldu: