Mairu Antzerki Tailerrak otsailaren 27an estreinatuko du ‘Iluntzen’ antzezlana

Posted on 2021-02-10 by KulturSharea

Lesakako Harriondoa Kultur Etxean izango da estreinaldia, arratsaldeko 18:00etan. Antzezlanak herri txiki bateko egoera islatzen du. Bertakoek alde egiten dute eta kanpotarrak ez dira etortzen.

Hasiera batean urtarrilaren 30erako iragarri zuten Mairu Antzerki Tailerraren Iluntzen antzezlanaren estreinaldia, baina gibelatu behar izan zuten, taldekideetako bat konfinaturik zegoelako. Emanaldiaren data berria jakinarazi dute orain, otsailaren 27an, larunbata, izango da. Sarrerak 5 euroan jarri dituzte salgai Xagu eta Telletxea liburu-dendetan. Mairuk jakinarazi duenez, urtarrileko emanaldirako erositako sarrerek otsaileko estreinaldirako balioko dute, baina nahi dutenei dirua itzuliko zaie salmenta puntuetan.

Gaizka Sarasolak idatzi du obra, Manex eta Ximun Fuch anaien kanpo begiradapean. Taula gainean, berriz, Iban Garro, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi eta Ritxi Abril aktoreak ikusiko ditugu.

Antzezlanak herri txiki bateko egoera islatzen du. Bertakoek alde egiten dute eta kanpotarrak ez dira etortzen. Cristobal da protagonistetako bat, ibaia gurutzatu nahi duen jendea laguntzeko prest dagoen erraldoia, ibai baten ertzean dagoen herrian bizi da Erramun Joakin, Mari Pili eta Shepherd Jaunarekin batera. “Denak kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen… Garai batean aberatsa izandako lekua, iluntzen ari da. Iluntasuna nagusitzen ari da. Ez da ontzirik gerturatzen aspaldian. Ez dute bisitaririk jasotzen. Eta Enara, argia ematen dien gaztea ere, kanpora joatekoa dela jakitean, etsipena eta kezka nagusitzen dira”, dio sinopsiak. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?

“Zaharkitzen dira herriak. Gazteek ihes egiten diote, halabeharrez, zerbait hobearen bila, edo ez dutelako bertan beraien lekurik aurkitzen. Garai batean aberatsa izandakoak, aberastasunak zabaldutakoa, kanpotik aberatsak ere erakarritakoak, isolaturik gelditzen ari dira; bizirauteko ia esperantzarik gabe. Bazterreko jendeari mugak itxi nahian ibiltzen gara, eta mugatuak bilakatu gara gu ere. Abiada bizian mugitzen den mundu honetan, bazterrean gelditzen dira lekuak; bazterrean gelditzen da jendea”.

Mikroipuinak, elkarrizketa biziak eta isiluneak tartekatuz, alegiazko istorio batean barneratu nahi gaitu antzezlan honek. Surrealismo magikoaren kutsua eman nahi du, baina errealitatearen iluntasunari ihes egin gabe. Idazkera poetikoan sakondu, eta gordintasuna azalarazi. “Klasikoetan bezala, antzezlan honetan ere animaliak dira protagonista; baita mito eta kondairetatik eratorritako pertsonaiak ere. Pertsonak diruditen animaliak, edo animaliak diruditen pertsonak. Alegiazko pertsonaiak azken finean”.

You may also like

Delirium Tremens taldeak ‘Hola tio!’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2022-03-04 by KulturSharea
Hiru izatetik, lau izatera igaroko da Mutrikuko taldea berriz ere. [...]
Izarok ‘Libre’ abestiaren bertsioa berria kaleratu du Cris Lizarragarekin
Posted on 2022-03-03 by KulturSharea
Limones de Oro izeneko diskoa kaleratuko du laster Izarok. Lan [...]
Iñaki Irasizabalek ‘Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?’ liburua kaleratu du
Posted on 2022-02-23 by KulturSharea
Narrazio hauetako protagonistak galduta sentitzen dira, desoreka bat [...]
Neomak taldeak ‘Ilargi berriak’ aurkezpen kantua eta bideoklipa argitaratu ditu
Posted on 2022-02-01 by KulturSharea
Orain arte ezarritakoa hausteko asmoz, tradiziotik datozen kontu [...]

Page 16 of 57

Zabaldu: