‘Nafarroa osoan bai!’ kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte Nafarroa Oinez festarako

Posted on 2023-06-14 by KulturSharea

Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du abestiak.

Nafarroa osoan bai! da aurtengo Nafarroa Oinez festarako sortu duten abestia. Maddalen Arzallus bertsolariak jarri dizkio hitzak eta Joseba Tapiak erantsi dio musika. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du kantak eta nahiz eta trikitilari gipuzkoarra izan den musika konposatu duena, bost emakumek abesten dute: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek.

Andra Mari Ikastolak aurkeztu ditu aurtengo Nafarroa Oinezerako abestia eta bideoklipa, eta baita Sanferminetako Oinez Txokoa ere. Bertan izan dira, Iñigo Orella, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoa, Maider Ansa Jarduerak taldeko batzordeburua eta Amets Aznarez tronboilaria eta Broken Brothers Brass Bandeko kidea.

2023ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen Andra Mari Ikastolak: “alde batetik ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa dela aldarrikatzea, bestetik kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egitea, hirugarrena aniztasun mota guztiei ateak irekitzea, eta, azkenik, euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra”.

Orellak azaldu duen bezala, azken helburu horri erantzunez eutsi dio Nafarroa Oinezek abestiaren gaiari: “euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako”. Horregatik Nafarroa osoan bai! Izena jarri diote kantari. Orellaren hitzetan “letran ageri den “bai” eta “ez” jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira”.

Musikari buruzko datuak ere eman ditu zuzendari pedagogikoak “abestia, trikiti eta haize-sekzioko instrumentuen melodiek markatzen dute. Zinez, doinu dantzagarriak, aurki daitezke datozen udako festetarako. Musikarien artean, aipatutako abeslariez gain, tronpetarekin Jon Celestino, tronboiarekin Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore eta saxoarekin Ibon Irixoa. Bateriarekin Iker Uriarte, baxuarekin Xanti Etxeberria, eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari”.

Bideoklipari dagokionez, Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du. Irudi dinamikoz osatua, Sakanako inguruneek protagonismo berezia hartzen dute bideo osoan zehar: oso presente daude Arakil ibaia, baita Urbasa, Andia, Berian eta Aralar mendiak ere. Ikastola Etxarri Aranatzen kokatzen den arren, ikastetxera inguruetako herrietako haurrak hurbiltzen direnez, bideoa herri hauetako batzuetan ere grabatu da: Arbizun, Arruazun, Lizarragabengoan… Zonifikazioaren salaketa, Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.

Sanferminetako Oinez Txokoa eta egitaraua

Abestiarekin batera, aurtengo Oinez Txokoaren nondik norakoak, eta Sanferminetarako prestatutako kontzertu eta bestelako jardueren berri ere eman du Maider Ansa Jarduerak batzordearen arduradunak. “Kontzertuei dagokienez, Brigade Loko, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! bezalako taldeak ariko dira. Jarduerak, hala ere, publiko guztietara egokitu dira; hala, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak… ere izangi dira. Sare sozialetan zabalduko da egitarau osoa eta webgunean ere ikusgai izango da”.

Ansak gogorarazi duenez, urtero bezala, “Takoneran kokatutako txosnan ez da faltako jana eta edana. Mota guztietako ogitartekoak eta jai-giro desberdinak: lasaia eta familiartekoa goizean, eta jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean”.

Goizeko 10:30ean hasi eta 03:30ak edo 2:00ak arte, egunaren baitan, ateak zabalik izango ditu Oinez Txokoak nahi duten guztientzat. Horretaz gain, materiala ere izango da salgai: kamisetak, leggins-ak edo soinekoak adin tarte guztietarako.

Antolatzaileek Oinez Txokoan antolatutako jardueretan parte hartzeko gonbita luzatu dute eta baita urriaren 8an, Etxarri Aranatzen, ospatuko den Nafarroa Oinez egunean ere.

You may also like

Nahiak Nahi pop-rock talde berriaren ‘Sinesmena’ kantua
Posted on 2019-10-04 by KulturSharea
Nahiak Nahi Burlatan sortutako euskarazko pop-rock talde berria dugu. [...]
Mikel Markezen ‘Biribilean’ disko berriaren aurrerapen kantua: ‘Baina berdin dio’
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Joan den uztailean Oiartzungo Mecca estudioan, Biribilean izeneko [...]
‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]
‘Dardara hura’ izeneko binilozko singlea aurkeztu du Don Inorrez taldeak
Posted on 2019-09-27 by KulturSharea
2016an Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat iragarri [...]
Arantzazuri buruzko dokumentala estreinatuko dute gaur, Hernanin
Posted on 2019-09-26 by KulturSharea
  Nabarralde Fundazioak ondu du Arantzazu, harriz herri [...]

Page 42 of 57

Zabaldu: