‘Nafarroa osoan bai!’ kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte Nafarroa Oinez festarako

Posted on 2023-06-14 by KulturSharea

Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du abestiak.

Nafarroa osoan bai! da aurtengo Nafarroa Oinez festarako sortu duten abestia. Maddalen Arzallus bertsolariak jarri dizkio hitzak eta Joseba Tapiak erantsi dio musika. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du kantak eta nahiz eta trikitilari gipuzkoarra izan den musika konposatu duena, bost emakumek abesten dute: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, eta Maider Ansa nafarrek eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek.

Andra Mari Ikastolak aurkeztu ditu aurtengo Nafarroa Oinezerako abestia eta bideoklipa, eta baita Sanferminetako Oinez Txokoa ere. Bertan izan dira, Iñigo Orella, Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoa, Maider Ansa Jarduerak taldeko batzordeburua eta Amets Aznarez tronboilaria eta Broken Brothers Brass Bandeko kidea.

2023ko Nafarroa Oinez antolatzen hasi aurretik helburu batzuk finkatu zituen Andra Mari Ikastolak: “alde batetik ikastolaren proiektua herrikoia, kooperatiboa eta auzolanean eginikoa dela aldarrikatzea, bestetik kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailearen aldeko apustua egitea, hirugarrena aniztasun mota guztiei ateak irekitzea, eta, azkenik, euskararen arnasguneetan dauden ikastolak euskararen zirikatzaile izateko beharra”.

Orellak azaldu duen bezala, azken helburu horri erantzunez eutsi dio Nafarroa Oinezek abestiaren gaiari: “euskararen ofizialtasunaren eskaera Nafarroa osorako”. Horregatik Nafarroa osoan bai! Izena jarri diote kantari. Orellaren hitzetan “letran ageri den “bai” eta “ez” jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi dira”.

Musikari buruzko datuak ere eman ditu zuzendari pedagogikoak “abestia, trikiti eta haize-sekzioko instrumentuen melodiek markatzen dute. Zinez, doinu dantzagarriak, aurki daitezke datozen udako festetarako. Musikarien artean, aipatutako abeslariez gain, tronpetarekin Jon Celestino, tronboiarekin Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore eta saxoarekin Ibon Irixoa. Bateriarekin Iker Uriarte, baxuarekin Xanti Etxeberria, eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari”.

Bideoklipari dagokionez, Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du. Irudi dinamikoz osatua, Sakanako inguruneek protagonismo berezia hartzen dute bideo osoan zehar: oso presente daude Arakil ibaia, baita Urbasa, Andia, Berian eta Aralar mendiak ere. Ikastola Etxarri Aranatzen kokatzen den arren, ikastetxera inguruetako herrietako haurrak hurbiltzen direnez, bideoa herri hauetako batzuetan ere grabatu da: Arbizun, Arruazun, Lizarragabengoan… Zonifikazioaren salaketa, Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.

Sanferminetako Oinez Txokoa eta egitaraua

Abestiarekin batera, aurtengo Oinez Txokoaren nondik norakoak, eta Sanferminetarako prestatutako kontzertu eta bestelako jardueren berri ere eman du Maider Ansa Jarduerak batzordearen arduradunak. “Kontzertuei dagokienez, Brigade Loko, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! bezalako taldeak ariko dira. Jarduerak, hala ere, publiko guztietara egokitu dira; hala, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak… ere izangi dira. Sare sozialetan zabalduko da egitarau osoa eta webgunean ere ikusgai izango da”.

Ansak gogorarazi duenez, urtero bezala, “Takoneran kokatutako txosnan ez da faltako jana eta edana. Mota guztietako ogitartekoak eta jai-giro desberdinak: lasaia eta familiartekoa goizean, eta jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean”.

Goizeko 10:30ean hasi eta 03:30ak edo 2:00ak arte, egunaren baitan, ateak zabalik izango ditu Oinez Txokoak nahi duten guztientzat. Horretaz gain, materiala ere izango da salgai: kamisetak, leggins-ak edo soinekoak adin tarte guztietarako.

Antolatzaileek Oinez Txokoan antolatutako jardueretan parte hartzeko gonbita luzatu dute eta baita urriaren 8an, Etxarri Aranatzen, ospatuko den Nafarroa Oinez egunean ere.

You may also like

Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak egitasmoarekin sortutako ‘Hona bostekoa!’ komiki bilduma aurkeztu dute
Posted on 2023-11-24 by KulturSharea
Iñaki Martiarena, Unai Gaztelumendi, Eñaut Aiartzaguena, Aritz Ibarra [...]
Maitasunari buruzko eleberria kaleratu du Karmele Jaiok ‘Maitasun kapitala’ izenburupean
Posted on 2023-11-23 by KulturSharea
Nobela bereziki emakumeek maitatzeko ikasi duten moduan zentratzen da. [...]
‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ album ilustratua eta antzezlana aurkeztu dituzte
Posted on 2023-11-14 by KulturSharea
Harkaitz Canok idatzi du Fernando Bernuesek zuzendutako antzezlanean [...]
‘Hiri ilunen umeak’ kanta eta bideoklipa dakartza Sara Azurza abeslariak
Posted on 2023-11-06 by KulturSharea
kantari donostiarra abesti alaiarekin itzuli da, 2024an argitaratuko [...]
Haize-arrosa taldeak ‘Ez dogu zor ezer’ kanta eta bideoklipa kaleratu ditu
Posted on 2023-11-06 by KulturSharea
Abestiak gizarteak edertasunaren inguruan sortu dituen kanonak [...]
Arrakasta ardatz duen saiakera aurkeztu du Jasone Osoro idazleak
Posted on 2023-10-31 by KulturSharea
Gaian sakontzeko, hamaika lagun luze eta zabal elkarrizketatu ditu [...]
Modus Operandi taldeak Berri Txarraken ‘Oreka’ kantaren bertsio berria kaleratu du
Posted on 2023-10-30 by KulturSharea
Modus Operandi taldeak Durangoko Azokarako argitaratuko dituen [...]
Jon Artano Kazetariak ‘Juana’ liburua aurkeztu du Elkarren eskutik
Posted on 2023-10-26 by KulturSharea
Juana Perea Plataren familia, bizitza eta bere erailketa ikertu ditu [...]
Engelsen ‘Etxebizitzaren auzia’ liburua euskaratu du Ane Garciak Katakrak argitaletxearen eskutik
Posted on 2023-10-25 by KulturSharea
Kapitalismoan etxebizitza ulertzeko eta jabetza pribatuan [...]

Page 5 of 57

Zabaldu: