Nerea Balda idazleak ‘Azpimarrak’ eleberria plazaratu du

Posted on 2023-05-22 by KulturSharea

Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu Irurtzungo idazlearen lan berriak.

Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) Azpimarra izeneko eleberri laburra aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegian. Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu lanak, “nire lagun batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen eta bertan ikusi zuen aurreko jabea aspaldiko ezagun bat zela”, kontatu du idazleak Erein argitaletxearekin egindako aurkezpenean. Gertaera hori polita iruditu zitzaion idazle nafarrari eta hortik abiatuta liburuaren istorioa sortzea erabaki zuen. Beraz, bigarren eskuko liburu batekin eta aspaldiko bi ezagunekin ondu du Azpimarrak eleberria.

Egileak azaldu duenez, “aspaldiko bi ezagun hauek, Selva eta Andreu, pertsonaia nagusiak dira eleberri honetan”. Kontakizuna, hala ere, Selvaren istorioarekin hasten da eta horrek eraman zuen idazlea Andreurengana. Bi pertsonaia hauen ikuspuntuak tartekatzen dira liburuan eta horrela kontakizun nagusia osatzen joaten da. Selvak ama izan nahi du, baina ezusteko batek kolokan jarri dio erabakia. Autobusean, liburu bat topatu du, azpimarrez beteta, eta horren bitartez aurkitu du Andreu, gaztetan ezagutu zuen mutila. Punta s’Arenellako itsasargia da bien abiapuntua; iraganera gerturatu ditu, eta, halaber, elkarren zalantza eta minetara.

Gaiari dagokionez, maitasunak hartzen du garrantzi handiena, baina “maitasuna zentzu zabalenean”, azpimarratu du Baldak. “Bikote harremanak, baina horrek ekartzen dituen erabakiak, zalantzak, beldurrak, familiaren eragina, amatasuna, aitatasuna… izan dira gero, idazterakoan, garrantzia ere hartu duten gaietako batzuk”.

Liburu honen proiektuarekin Ramiro Pinilla eleberri laburren bosgarren lehiaketa irabazi zuen Baldak iazko irailean eta Uxue Rasquin Ereineko editorearekin egindako lanketa baten ondoren aurkeztu du lana idazleak.

You may also like

Euskal Literatura Sorkuntza: eta orain zer? Mahaingurua
Posted on 2020-12-08 by KulturSharea
Partehartzaileak: Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Idoia Santamaría eta Uxue [...]
‘Zergaitik da zuzeneko kultura ordezkaezina?’ mahaingurua
Posted on 2020-12-06 by KulturSharea
Pandemia garaiko arriskuak eta erronkak Parte hartzaileak: Miriam [...]
‘Zurekin’ kantua: Itxaso Sanchez, Uxue Sanchez eta Imanol Iribarren
Posted on 2020-11-13 by KulturSharea
Itxaso eta Uxue Sanchez ahizpek eta Imanol Iribarrenek maiatzean [...]

Page 27 of 57

Zabaldu: