Nerea Loiolak ‘Arrisku Handiko Trena’ Eskapu bildumaren hirugarren liburua kaleratu du

Arrisku Handiko Trena Eskapu bildumaren hirugarren liburua da. Idazleak urtero ale berri bat argitaratzen du. Duela bi urte 7G Udalekuak izenekoa kaleratu zuen eta iaz Azken denbora.

Nerea Loiola idazleak (Deba, 1985) Arrisku Handiko Trena (AHT) izeneko liburua aurkeztu du Donostian, Erein argitaletxearen eskutik. Eskapu bildumaren hirugarren alea da honakoa eta ‘aukeratu zure abentura’ eta ‘scapebook’ egitura uztartzen dituela azaldu du. Egileak duela bi urte kaleratu zuen bilduma honetako aurreneko liburua 7G Udalekuak izenburupean. Iaz, berriz, bigarrenak ikusi zuen argia: Azken denbora. Hala, urtero liburu berri bat argitaratzen du, “denek dituzte ezaugarri berberak”. Egileak azaldu duenez, “liburua irakurri ahala eta istorioan aurrera egin ahal izateko, momentu batzuetan irakurleak erabakiak hartu beharko ditu bi edo hiru aukera edo erantzun posibleren artean eta beste momentu batzuetan, aldiz, istorioak zein orritan jarraitzen duen jakiteko enigma batzuk ebatzi beharko ditu”. Horrela, liburuan aurrera eta atzera egiten, amaiera desberdinak biziko ditu irakurleak eta bizirik ateratzea edo ez lortuko du.

Misterioak, arriskuak eta abenturak dira liburu berri honen osagaiak. Loiolak irakurlea protagonista bihurtu nahi izan du oraingoan ere, “arriskuak, dilemak, eta abenturak aurkituko dituzu bigarren liburu honetan ere. Erabakiak hartu beharko dituzu eta enigmak ebatzi. Zure abileziak eta adimena erabili beharko dituzu. Erabaki txar batek hondamendia eragin lezake… eta heriotza ere bai! Baina ez etsi. Edozein unetan egin dezakezu atzera eta beste aukera bat hautatu, zure istorioaren ibilbidea aldatu dezakezu”, adierazi du.

Egileak azaldu duenez, lan berri honetan, “protagonistak Hendaiako tren geltokian dagoela jakingo du, ikasbidaian abiatzeko lagunekin, baina segurtasun kontrola igarotzeko nortasun agiria aurkeztu beharko du eta ezingo duenez aurkitu, muturren aurrean joango zaizkio lagun guztiak Pariserako trenerantz. Protagonista han gelditu beharko da, gehien gorroto duen irakaslearekin”. Azkenean, irakaslea konbentzitu eta gaueko trena hartuko dute. “Gaueko abiadura handiko tren horretan istorio misteriotsu bat abiatuko da”, aurreratu du Loiolak. “Desagerketa bat izango da, lagun berriak egingo ditu… eta, hala, pixkanaka erabakiak hartu beharko ditu susmagarriak edo errudunak topatzeko. Dena ondo bidean, Parisera onik iristea lortuko du”.

You may also like

Nahiak Nahi pop-rock talde berriaren ‘Sinesmena’ kantua
Posted on 2019-10-04 by KulturSharea
Nahiak Nahi Burlatan sortutako euskarazko pop-rock talde berria dugu. [...]
Mikel Markezen ‘Biribilean’ disko berriaren aurrerapen kantua: ‘Baina berdin dio’
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Joan den uztailean Oiartzungo Mecca estudioan, Biribilean izeneko [...]
‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]
‘Dardara hura’ izeneko binilozko singlea aurkeztu du Don Inorrez taldeak
Posted on 2019-09-27 by KulturSharea
2016an Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat iragarri [...]
Arantzazuri buruzko dokumentala estreinatuko dute gaur, Hernanin
Posted on 2019-09-26 by KulturSharea
  Nabarralde Fundazioak ondu du Arantzazu, harriz herri [...]

Page 42 of 57

Zabaldu: