Erakusketa datorren maiatzaren 9ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Aiete Kultur Etxean.
Paul Caballeroren (Bilbo, 1981) erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 9ra arte Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.
Caballerok Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan. Behin ikasketak amaituta, Madrilera joan eta ESDIP eskolan ilustrazio eta animazioan espezializazioa egin zuen hiru urtez. Bertan, lehenengo ilustrazio lanekin hasi zen Grup Lobher argitaletxeko liburuen azalak egiten.
Bilbora itzultzerakoan, irudigile lanetan hasi zen eta Carmen Villanueva idazlearekin batera Terapicuentos ipuin bilduma sortu zuen.
Ordutik hona, irudigile freelance modura hainbat enpresentzat lan egiten aritu da: Athletic Club, Smithsonian museoa, Bizkaiko Zubia, eta Elkar argitaletxea, besteak beste.
2018an Txema Pinedoren testu bat ilustratu zuen, La canción de Bruna album ilustratua sortuz eta argitaletxeen mundura bueltatuz.
Live-painting saioetan ere aritu da, zuzenean irudikatuz. Bilboko Gau Zurian bi urtez parte hartu du udaletxeko eraikina mapping teknikaren bitartez margotuz.
Bere ibilbide profesionalarekin batera, CMYK irudigile eskola profesionala ere sortu du Caballerok, Bilbon.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde eta Miren Asiain. Orain Paul Caballeroren txanda da.