Sonetoz osatutako liburua ondu du Harkaitz Cano idazleak

Posted on 2022-12-02 by KulturSharea

Pozaren erdia du izenburu lan berriak eta Susa argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

Sonetoz osatutako bilduma da Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema liburua. Pandemia garaiko kontua izan zela dio idazleak, “ziurgabetasun garai horretan errimak eta neurri zehatz bat izateak lagunduko zuelakoan edo auskalo zergatik, baina sonetoak idazten hasi nintzen eta zerbait adiktiboa dute. Sonetoek txokora eramaten zaituzte eta neurri zehatz horretan sartu beharrak lotu, lotu, lotu… egiten zaitu, baina momentu batzuetan, Houdini bezala, kutxa horretatik irtetea lortzen duzu”.

Ezusteko lekuetara ailegatzen zarela aitortu du Canok, “zuk lanaren erdia egiten duzu eta egiturak zure alde egiten du beste erdia. Alde mekaniko horrek xarma du, horrela sartu nintzen sonetoaren munduan”.

Leire Lopez Susa argitaletxeko editorearen hitzetan, “sonetotasunak dena betetzen du. Harkaitzek aspaldi esan zidan sonetoz osatutako liburu bat ari zela prestatzen eta geroztik jende nahikotxori eman diot liburuaren berri eta elkarrizketa interesgarri asko sortu dira”. Editoreak kontatu duenez, soneto gutxi argitaratu izan dira euskaraz, “ez dugu soneto tradizio luze bat, beste literatura batzuek duten bezala, tradizio laburra dugun ere ez dakit, baina, tira, lan honekin osatuko da apur bat.

Liburuak 64 sonetoz osatuta dago, denak segidan emanak eta ibilbide moduko bat proposatuz. “Gehienak soneto bakarraz osatuta daude, baina badira hiru edo lau sonetoko seriez osatutako hiru poema eta liburuan banatutako lehen zati bat eta bigarren bat duten bi poema, tartean liburuari izenburua ematen dion Pozaren erdia”, azaldu du Lopezek.

Horrez gain, ispilu moduan funtzionatzen duten zenbait soneto ere badirela dio editoreak. “Adibidez, Filiak eta fobiak edota Orekaria eta olerkaria, kasu honetan beste jolas bat proposatzen dute bi poema horiek”. Lopezen esanetan, “sonetoak idazteak badu zerbait solemnetik eta zerbait ironikotik. Ez da alferrik deitzen Solemnitate apur bat poemetako bat eta iruditzen zait liburuaren parte direla biak: solemnitatea eta ironia”.

Gaiei dagokienez, betikoak direla dio egileak: poema batzuen gaia sonetoen idazketa bera da, haurtzaroa eta gaztaroa ere ageri dira, denboraren higadura, naturaren kontenplazioa… Oraingoan baina, lientzoaren tamaina eta teknika aldatu direla nabarmendu du Canok, “lehen olioa zen eta orain akuarela da, horrek behartzen zaitu trinkotasun handiago batera eta hainbat gai berriro bisitatzeko eta lantzeko aitzakia ere izan da”.

You may also like

ETS taldeak Süne musikariarekin ‘Gu geu garena’ abestia eta bideoklipa plazaratu ditu
Posted on 2023-06-09 by KulturSharea
Abestiak emeki-emeki garamatza bozkarioaren eztandara, dantzaren [...]
Basauriri aitortza egin nahi izan dio Mari Luz Estebanek ‘Haragizko erreformak’ poema liburuan
Posted on 2023-05-30 by KulturSharea
Idazleak Euskal Herrian bere kokatze eta euskaldun bihurtu eta [...]
Nerea Balda idazleak ‘Azpimarrak’ eleberria plazaratu du
Posted on 2023-05-22 by KulturSharea
Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu Irurtzungo [...]
Sara Zozaya abeslari donostiarrak ‘Caravan’ izeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2023-05-19 by KulturSharea
Abeslari donostiarraren Nara lehen diskoaren bigarren aurrerapen kanta [...]

Page 7 of 57

Zabaldu: