‘Bretxa’ eleberriaren euskarazko bertsioa eta izen bereko ikuskizun musikala aurkeztu dituzte

Posted on 2022-03-15 by KulturSharea

Duela sei urte hasi ziren ikuskizuna lantzen. Vegaren hitzetan, “herritarron historia herritarrok kontatu nahi dugu. Bereziki, gure arbaso emakumeek pairatutakoa azaldu nahi dugu.

Toti Martinez de Lezea idazleak duela hamasei urte argitaratutako Bretxa eleberria euskarara ekarri du Erein argitaletxeak. Goizean aurkeztu dute liburua Donostian, izen bereko ikuskizun musikalarekin batera.

Eleberriak 1813an Donostian gertatu zen sarraskia kontatzen du. “Maritxu Altuna txokolategilearen ikuspuntutik ezagutuko dugu historia, bera hirian geldituko da negozioari eusteko, baina abuztuaren 31 helduko da eta horrekin batera herritarrek biziko duten amesgaiztoa. Gipuzkoan jaso zen gertakari ilun horretatik abiatuta herritarren bizitzan zentratuko da liburua”, kontatu du Uxue Razquin editoreak.

Martinez de Lezea pozik agertu da eleberriaren euskarazko bertsioarekin, “nik ezin dut euskaraz idatzi eta nire liburuak euskaraz ikustea opari handi bat da”, aitortu du.

Formatu handiko ikuskizuna

Liburuaren euskarazko bertsioa argitaratzeaz gain, Oihan Vegak eta Valen Moñuxek Bretxa izeneko ikuskizun musikala aurkeztu dute. Vegak berak konposatu du musika guztia eta Moñuxekin batera aritu da zuzendaritza lanak egiten. Duela sei urte hasi ziren proiektua lantzen. Vegaren hitzetan, “herritarron historia herritarrok kontatu nahi dugu. Bereziki, gure arbaso emakumeek pairatutakoa azaldu nahi dugu. Horregatik aukeratu dugu emakume batek idatzitako eleberria, zeinetan, hiru andre izango diren protagonista nagusiak. Hori dela eta, gure elkarteko partaide gehienak ere emakumezkoak izango dira obra honetarako.

Larrabetzuko idazleak adierazi duenez, “nigana etorri zirenean, proiektu erraldoi hau azaltzera, esan nien burutik jota zeudela eta nire etxean eroak ongi etorriak dira”.

Eleberriaren izenburua erabiliz, egitura handiko ikuskizun musikala taularatuko dutela azaldu du lantaldeak prentsaurrekoan, “1813ko Donostiako sarraskia, gure historiako pasarterik ilunenetakoa, orain arte egin ez den antzezlan formatuan plazaratuko dugu”.

Horretarako Bergara eta Gipuzkoa osoko hainbat talde eta elkarte kulturalek hartuko dute parte. Guztira 150 bat pertsona arituko dira oholtza gainean, tamaina handiko ekoizpen eszenikoan. Bergarako Musika Eskola, Donostiako Union Artesana edota Donostia 31 Rekreazionista Elkartea dira obran parte hartzen ari direneteko batzuk.

Estreinaldia 2023ko urtarrilaren 13an izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, baina urtean zehar, hainbat ekitaldi egingo dituzte hirian barrena, gertakizunaren 110. urteurrenaren harira: erakusketak, hitzaldiak…

You may also like

Eire taldeak ‘Amaitu baino lehen’ kanta eta bideoklipa plazaratu ditu
Posted on 2023-03-30 by KulturSharea
Eire taldea Eire Maia eta Eire Salegi zumaiarrek osatzen dute. [...]
Seiurte taldeak ‘Cabo Cañaveral’ diskoak dakarren ‘Neoizko kaleetan’ kantaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2023-03-17 by KulturSharea
Abestiak etorkizunik ikusten ez duen eta hiriko lekurik nahasi eta [...]
Nøgen taldea single berri batekin bueltatu da hiru urteren ondoren: ‘Glastonbury’
Posted on 2023-03-17 by KulturSharea
Donostiako taldekideek eskaini zuten lehen elkarrizketan euren ametsa [...]
Thriller politiko batekin itzuli da Eneko Bidegain idazle eta kazetaria literaturara
Posted on 2023-03-02 by KulturSharea
Bichta éder eleberria egungo gizartearen kontraesanen ispilu da: [...]
Haize-arrosa talde berriak ‘Tortolaraino’ kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2023-03-01 by KulturSharea
Boskote bizkaitarren kantuetan folk-rock, Irish-folk-rock, pop-rock, [...]
Oroitzapenetan iltzatuta dauden tokiei buruzko poema liburua ondu du Castillo Suarezek
Posted on 2023-02-17 by KulturSharea
Idazle altsasuarrak Donostian aurkeztu du gaur Alaska poema liburua. [...]

Page 7 of 55

Zabaldu: