Uxue Alberdik zortzi ipuinez osatutako ipuin bilduma aurkeztu du ‘Hetero’ izenburupean

Posted on 2024-10-09 by KulturSharea

Susa argitaletxearen eskutik argia ikusi duen liburua ez da heteroarauari buruzkoa, baina ipuinetako protagonistak heteroarau horren barruan mugitzen direla dio egileak.

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak zortzi ipuinez osatutako ipuin bilduma aurkeztu du Hetero izenburupean. Emakumezkoak dira protagonista gehienak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Egileak azaldu duenez, liburuak biltzen dituen ipuinak oso diferenteak dira, “gaiaren, konta-moldearen, ahotsaren eta estrukturaren aldetik.  Ez da heteroarauari buruzko liburu bat, baina ipuinetako protagonistak heteroarau horren barruan mugitzen dira, maitatzen dute, desiratzen dute… Eroso ez dauden arren, ez dute jokoa uzten. Beraz, kontrako bi indarren artean mugitzen diren protagonistak dira. Alde batetik, hor egon nahi dutelako eta, bestetik, ez dutelako hor egon nahi. Zingira horretan, ulertzen eta esplikatzen zailak zaizkigun afektu eta desloturetan mugitzen dira”.

Alberdik aitortu duenez, Hetero liburu pertsonala da, bere esperientziatik abiatuta fikziora egindako zortzi bidaia dira. Egilearen istorioekiko hurbiltasuna edo ipuinen atzean intuitu daitekeen bizikizun hori hor dagoela dio idazleak, baina iruditzen zaio hori baino garrantzitsuagoa dela, edo kasu honetan, berari inporta zaiona dela egilearen eta ipuinetako narratzaileen artean dagoen distantzia hori, “idazketa esperientziatik hasi eta amaierako testura bitartean dagoen elaborazio guzti hori, azken batean uste dut literatura asko, ez dena, baina asko eta asko abiatzen dela autoreen bizipen, sentsazio, inpaktu eta zirraretatik.

Alberdik kontatu nahi zituen istorio horiek kontatzeko forma narratiboen bila aritu da. “Hiru urtean zortzi ipuin idatzi ditut, baina ehunka irakurri ditut, hain zuzen, saiatu naizelako niretzat balio zuten formak eta aldi berean euren artean diferenteak izango ziren konta-moduak bilatzen gustuko ditudan ipuingileen artean”.

You may also like

Pettik 25 urteko ibilbidean ondutako abesti rockero eta potenteenak biltzen dituen zuzeneko diskoa plazaratu du
Posted on 2025-10-09 by KulturSharea
25 urte bete dira Petti musikari eta abeslariak bakarkako lehen diskoa [...]
1977tik 1980ra Joseba Sarrionandiak idatzitako zinema kritikak liburu batean bildurik
Posted on 2025-09-25 by KulturSharea
Buñuel, Kubrick, Chaplin, Bertolucci, Eisenstein, Pasolini, Bergman, [...]
Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola marrazkilariak ‘Kateriñe’ izeneko komikia plazaratu dute
Posted on 2025-09-18 by KulturSharea
Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola marrazkilariak ondu dute lana [...]
Aitziber Etxeberriak etorkizun hurbil bat irudikatu du, ustezko gizarte hobeago batek dituen gabeziekin
Posted on 2025-06-25 by KulturSharea
Nobela hau idazterako orduan bi kezka nagusi izan ditu buruan egileak: [...]
12360

Page 1 of 60

Zabaldu: