Jabier Muguruzak ‘Cafe Mokka’ eleberria kaleratu du eta irudi iradokitzaileekin lagundu ditu testuak

Jabier Muguruzak Cafe Mokka eleberria kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Idazleak irudi iradokitzaileekin lagundu ditu testuak eta horretarako Lorena Martinez Oronoz ilustratzailea izan du alboan sortze-prozesuan.

Donostiako Botanika kafetegia aukeratu zuen Jabier Muguruzak bete lehen nobela aurkezteko. Ez zen kasualitatea izan, lan hau Cafe Mokka izeneko taberna batean gertatzen baita eta Albertok bertan egiten du lan.

Protagonistak bere ibilbide pertsonala eta profesionala azaltzen ditu liburuan, musikari izatetik kamarero izatera egin duen bidea, tonu konfidentzial eta autoironiatsuan.

Idazkerak deskribapen zehatzak eta gogoeta filosofikoak uztartzen ditu, jazzaren inguruko pasio pertsonaletik gizartearen bilakaeraren analisi kritikoraino.

Miren Mujika editoreak adierazi duenez, “irakurleak lehen pasartetik bertatik irudikatuko du zer-nolako taberna den Cafe Mokka, zer usain darion, zer musika aditzen den bozgorailuetatik, zer koadro dituen, nola dagoen apainduta… Eta, hain zuzen ere, irakurleak giro hori izango du kontakizunean lagun. Betiko jendea joaten da taberna horretara: auzokoak, aldameneko lantokietan lan egiten duten langileak, euskaltegiko ikasleak… Nork bere elkarrizketak izango ditu han, hala lagunekin nola Albertorekin. Egun pil-pilean dauden gaiak jarriko dituzte tabernako barraren gainean, eta nork bere iritzi edo hausnarketak partekatuko ditu”.

Kafetegi horretan bezeroek solasaldiak izaten dituztela dio Muguruzak, “hitzaren erreibindikazio garbia dago liburu osoan zehar, eta Alberto kamarero/narratzaileak entzun egiten ditu kontu horiek, eta parte hartu ere sarri, debate ezberdinetan”.

planteamendua dialektikoa

Liburuaren planteamendua dialektikoa dela nabarmendu du egileak, “ez dago bertan egia borobilik; gauzen inguruan hizketan aritzen da, ikuspuntuak trukatu…”

Jorratzen diren gaiei dagokienez, “batzuk klasikoak dira eta beste batzuk berriagoak, edo azken aldian gizartean bolo-bolo dabiltzanak”, aipatu du idazleak.

Muguruzak irudi iradokitzaileekin lagundu ditu testuak eta horretarako Lorena Martinez Oronoz ilustratzailea izan du alboan sortze-prozesuan: “Jabierrek eta biok, Irungo auzo berean jaioak izan arren, orain izan dugu, Cafe Mokkari esker, elkar ezagutzeko aukera, kafeak eta solasaldiak konpartituz. Eta modu horretara, leku eta emozio komunez beteriko nobela honen ilustrazioen izaera destilatuz joan da”, adierazi du Martinezek.

You may also like

Ingalaterrako lehen saioen ondoren, Zea Maysek Bilbon jarraitu du disko berria prestatzen
Posted on 2026-05-13 by KulturSharea
Taldeak Bilboko ETEN Espazio Sonoron egin ditu bere hurrengo lanari [...]
Ane Zubeldiak sei ipuinez osatutako ‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ bilduma kaleratu du
Posted on 2026-05-07 by KulturSharea
Ane Zubeldiak 2024ko Igartza bekari esker ondu du Datorren udan ez [...]
Bortizkeria jasan duen emakumeari buruzko eleberria kaleratu du Idoia Frailek
Posted on 2026-04-29 by KulturSharea
Errenteriako idazlearen lehen eleberria da Arranoaren luma eta XIX. [...]
Palestinako gatazka ulertzeko hamar gako ‘Olibondoaren herria’ liburuan
Posted on 2026-04-29 by KulturSharea
Helburua gatazka ulertzeko tresnak eskaintzea izan da: [...]
Urtzi Urkizuk gaur egungo streaming ekosistemaren argazki panoramikoa egin du ‘Streaming aroa’ saiakeran
Posted on 2026-03-12 by KulturSharea
Kontsumo arduratsuago, kritikoago eta kontzienteago baten aldeko [...]
12362

Page 1 of 62

Zabaldu: