Aurkezle, aktore eta gidoilari gipuzkoarraren estreinako lana da Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duena.
Mikel Pagadizabalek (Pagadi) literaturara saltoa ematea erabaki du eta Bisita izeneko eleberria aurkeztu du Donostian. Estreinako lan honetan zientzia fikzioa eta umore ganberroa uztartu ditu aurkezle, aktore eta gidoilari gipuzkoarrak.
Plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, estralurtarrak etorri dira gugana, baina ez dute lur hartu ez Dakotan ez Minessotan, baizik eta Euskal Herrian; zehazkiago, Anoeta herriko bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa aztoratuko du gertakari horrek, baina batez ere bertakoak: zer da objektu hegalari ezezagun hori? Nondik dator? Zer nahi dute? Zer egingo dugu?
“Bisita da nik irakurri nahiko nukeen liburu bat”, azaldu du egileak. Zientzia fikzioa eta umorea asko maite dituela aitortu du eta bi genero horiek uztartu nahi izan ditu “guri” buruz hitz egiteko. “Asko gustatzen zait gure gizartea beste ikuspuntu batetik ikustea, edo guk egiten ditugun gauzak analizatzea eta hortik umorea sortzea”.
Liburuaren egiturari dagokionez, atal bakoitza ikuspuntu bat dela argitu du gipuzkoarrak, bat AEBko gobernuaren ikuspuntua da, beste bat Eusko Jaurlaritzarena, baserritar batzuena, herriko jendearena, ufologoena…
Istorioaren ideia bi tokitan sortu zitzaion Pagadiri, “Villabonatik Anoetara dagoen bidexka batetik joaten naiz ibiltzera, oso ondo dago ideiak oxigenatzeko. Behin soro bat ikusi nuen eta bertan depositu bat zegoen”. Hala, kokaleku horretan, nabe estralurtar bat irudikatu zuen bere buruan. Photoshopera eraman zuen irudia eta montajea egin zuenean, istorio bat idazteko eman zezakela konturatu zen. Horri Herri txiki, infernu handi telebista saioa grabatzera Estatu Batuetara joan zenen Area 51n ikusitakoa gehituz, gaur aurkeztu duen liburuaren idazketa prozesua abiatu zuen.