(argazkia: Alberto Elosegi)

Aitor Bizkarra sailkatu da finalaurrekoetarako, Lizarran

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko azken saioa jokatu zen atzo Lizarran. Bertan, zeintzuk izango diren finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariak erabakita geratu zen.

Los Llanos aretoan elkartu ziren atzo bertsozaleak lehen faseko azken saioa ikusteko. 500 bertsozaletik gora aurrean, aretoa beteta zegoela kantatu zuten sei bertsolariek Amaiur Lujanbio Agirre gai-emaileak gidatutako saioan. Bertsolariak: Imanol Uria Albizuri, Asier Azpiroz Iztueta, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Unai Gaztelumendi Arandia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Maialen Akizu Bidegain.

Azkenean, Bizkarrak lortu zuen puntu gehien pilatzea: 693,5 puntu. Jarraian Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652 puntu), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Mantzizidor Mantxi (622,5) geratu ziren. Beraz, Bizkarrak zuzenean lortu zuen finalaurrekoetarako txartela eta Durangoko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 12an.

Hauek dira epaile lanetan, lehen fase osoan aritu ziren zazpiak: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Atzoko saioan ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin zituzten bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun zuten. Hauxe atzoko gaia: Zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur, laguntza eskatu beharrean zaude. Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa.

Finalaurreko saioak, osatuta

Lehen faseko azken saioa izan zen Lizarrakoa eta, beraz, atzo hurrengo fasean parte hartzeko aukera lortu duten bertsolarien zerrenda osoa argitu zen.

Saioetako irabazleak: Alaia Martin Etxebeste, Joanes Illarregi Marzol, Nerea Ibarzabal Salegi, Haritz Mujika Lasa, Jone Uria Albizuri eta Aitor Bizkarra Ruiz.

Puntuazioz sailkatu direnak: Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Ane Labaka Mayoz, Julio Soto Ezkurdia, Onintza Enbeita Maguregi, Agin Laburu Rezola, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso, Saioa Alkaiza Guallar, Miren Artetxe Sarasola, Asier Azpiroz Iztueta eta Iñaki Apalategi Astigarraga

Sailkatutako 19 bertsolariei duela lau urte finalista izandako bost bertsolari batuko zaizkie: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Sustrai Colina Akordarrementeria eta Unai Agirre Goia.

Saioen egutegia eta bakoitzean ariko diren bertsolariak ikusteko, hemen.

Zabaldu: