(argazkia: Ander Gillenea)

Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra saria

Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo Adarra Saria Amaia Zubiria kantariari ematea.

Amaia Zubiria (Zubieta, 1947) euskal musikaren “ordezkari garrantzitsuenetakoa” dela nabarmendu du Donostia Kulturak. Joan den mendeko 70eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, “aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan”. Kantu tradizionalen “gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute”.

Zubiriak adierazi duenez, “bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra Saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian”.

Zubiriak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan  kontzertua eskainiko du, musikari talde zabalaz inguratuta: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne… Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko.

Kontzerturako sarrerak gaur jarri dira salgai, 20 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean. Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako.

Zabaldu: