Giza Zarata diskoaren aurkezpen biraren azken emanaldiaren aurretik argitaratu du abesti berria.
Anari Alberdi musikari gipuzkoarrak Txikizio hau dena izeneko kanta eta bideoklipa plazaratu ditu Giza zarata diskoaren aurkezpen biraren azken zuzenekoaren aurretik. Azaroaren 27an izango da azken emanaldi hori, Bilboko Kafe Antzokian.
Azaldu duenez, “gizateriaren historia behorrari erabat lotua dago abestia. Salbaia etxekoturik, historia aldarazi genuen. Zaldia dago globalizazioaren, merkataritzaren, migrazioaren eta, ondorioz, aldaketa soziologiko handienen jatorrian. Mendeetan, zaldia boterearen, askatasunaren eta edertasunaren ikur izan da. Behorraren trostarekin batera egin dugu aurrera harik eta progresoaren izenean, atzean utzi dugun arte. Huts egin diogu gehien zaindu behar genuenari. Eta orain, zer?”
Anarik Felix Rüdiger izan du alboan teklatu eta gitarra elektrikoarekin, eta Johannes Buffenek grabazioa eta nahasketak egin ditu, Shorebreaker Studios zigilupean.
Txikizio hau dena
Behe-lainotan, mendi larretan zurda luzeak, haize kontra 10.000 urte dela hasitako trostari jarraitzen
Taupada herrenak atenporalak sortzen dituzu hara eta hona, hara eta hona Txarrantxetako arantza artean utzi dituzun zurda mototsek eta lepaldean dituzun zaurietako herdoilak ageri dute, jabego pribatuen muga basati eta kapitalisten berri izan, izan baduzula. Ederra zara, zaharra zara munduan hiru hilabete baino ez daramazun arren.
Kutsatutako larre eta erreken gau sargoriegien, egun ta egun lehorren, artizar-zaharra ikusten uzten ez dizun zabor espazialarena, edo zuk ezagutzen ez dituzun arren hemendik urrun lurmentzen ari diren izebergena, azaldu ahal banizu… Nuklearren fosilen, eguzki-plaka, haize-errotak, abiadura handiegiko trena. Behin abiatu eta geratzen ez dakigun txikizio hau dena
Ederra zara, zaharra zara
Baina zu inork etzaitu maite
Ederra zara, zaharra zara baina jendeak… dirua maite du