Azken lau hamarkadetako euskal musika garaikidea ikertu edo zabaltzeko proiektuek izango dute beka eskuratzeko aukera. Irungo Udalak abuztuaren 18ra arte izango du zabalik deialdia.
Iñigo Muguruza beka banaka nahiz taldean aurkezten diren ikertzaileei zuzenduta dago, baina parte hartzeko ezinbestekoa izango da unibertsitate-gradua edo lizentziatura izatea. Taldeen kasuan, kide guztiek baldintza hori bete beharko dute, eta proiektuaren arduradun bat izendatu.
Deialdiak euskal musikaren azken hamarkadetako hainbat alderdi ikertzea proposatzen du. Besteak beste, taldeak eta interpreteak, biografiak, errepertorioa, musika-gaien azterketa, material didaktiko eta pedagogiko berrien sorrera, irakaskuntza eta zabalkundea edo musikaren eragin soziologiko eta ekonomikoa izango dira ikergai posibleak.
Ikerketa lanak gehienez zortzi hilabeteko iraupena izango du, eta emaitza ez da nahitaez ikerketa-lan idatzi batera mugatuko. Deialdiak aukera ematen du prozesuak, ekintza kulturalak, zabalkunde-materialak edo lankidetza eta partaidetza sustatzen dituzten proposamenak ere aurkezteko.
Eskatzaileek gehienez 15 orrialdeko memoria aurkeztu beharko dute, bertan ikerketaren helburuak, metodologia, kronograma eta baliabideak azalduz. Horrez gain, balorazioan kontuan hartuko da proposamena osatzen duen ikus-entzunezko materiala ere.
Beka hiru zatitan ordainduko da: %40 hasieran, beste %40 lau hilabeteren buruan aurrerapen-txostena aurkeztuta, eta azken %20a proiektua amaitu eta emaitzak entregatutakoan.
Lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da, baina Irungo Udalak haren argitalpen eta zabalkunderako eskubideak izango ditu, deialdiaren oinarrietan jasotako baldintzen arabera.
Oinarriak, hemen.