Michel de Montaigneren pentsamendua gaur egungo irakurleari hurbiltzen dion Uda batez Montaignerekin lana euskaraz argitaratu du Alberdania argitaletxeak.
Joxan Elosegik Antoine Compagnon idazle, irakasle eta Frantziako Akademiako kidearen Uda batez Montaignerekin lana euskaratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Liburuak Michel de Montaigneren bizitza, pentsamendua eta Entseiuak obra ematen ditu ezagutzera berrogei kapitulutan zehar.
Lanaren jatorria 2012ko udan dago. Orduan, France Inter irrati kateak Montaigneri buruzko eguneroko irrati-saio laburrak prestatzeko gonbita egin zion Compagnoni. Esperientzia hartatik sortu zen urtebete geroago argitaratutako Un été avec Montaigne, irakurle askorengana iritsi zen dibulgazio-lana.
Egileak Montaigne pentsalari eta idazle gisa ez ezik, bere garaiko gizon konprometitu gisa ere aurkezten du. Bordeleko alkatea izan zen, Frantziako Erlijio Gerren garaian bitartekari lanetan aritu zen, eta bere garaiko gatazka politiko eta sozialetatik urrun geratu beharrean, horiei aurre egiteko ahalegina egin zuen. Bere Entseiuetan, erlijioa, boterea, adiskidetasuna, gerra edo hezkuntza bezalako gai handiez gain, eguneroko bizitzako xehetasun txikiei ere erreparatu zien.
Gaurkotasuna
Compagnonen lanak Montaigneren pentsamenduaren gaurkotasuna azpimarratzen du. Identitatearen ezegonkortasunaz, iritzien aldakortasunaz, ezagutzaren mugez edo zalantzaren balioaz XVI. mendean egin zituen gogoetak gaur egun ere indarrean daudela erakusten du. Horren adibide da Montaigneren ideia ezagunenetako bat: gizakia ez dela izaki finko bat, etengabeko eraldaketan dagoen subjektua baizik.
Joxan Elosegik nabarmendu duenez, jatorrizko lanak Montaigneren gai nagusiak modu labur, argi eta eskuragarrian aurkezten ditu. Konpromisoa, elkarrizketa, adiskidetasuna, bidaia, fede ona, gorputza, denbora edo bizitzeko artea dira berrogei kapituluetan jorratzen diren gaietako batzuk.
Liburuak harrera beroa izan zuen Estatu frantsesean. Kritikariek bere tonu argia eta dibulgatzailea nabarmendu zituzten, eta arrakasta handia lortu zuen irakurleen artean. Gainera, France Interren Un été avec… bildumaren abiapuntu bihurtu zen, geroago Proust, Baudelaire, Pascal edo Coletteri eskainitako beste ale batzuekin jarraipena izan zuena.
Aritz Galarraga editorearen hitzetan, lanaren indarguneetako bat da Montaigneren pentsamendua eta idazkera uztartzeko duen gaitasuna. Izan ere, Entseiuak ez dira sistema filosofiko itxi bat, baizik eta zalantzaren, esperientziaren eta hausnarketa pertsonalaren bidez eraikitako pentsamendu-ariketak. Horregatik, Compagnonen liburua sarrera egokia da Montaigneren obra lehen aldiz ezagutuko dutenentzat, baina baita haren pentsamendua sakonago ezagutu nahi dutenentzat ere.
Adiskidetasunari, bidaiari, irakurketari, zahartzaroari edo heriotzari buruzko gogoeten bidez, Uda batez Montaignerekin lanak Errenazimentuko pentsalariaren unibertsora gerturatzeko aukera eskaintzen du, eta haren ideiek gaur egun ere duten bizitasuna agerian uzten du.