(argazkia: GFA)

Dantz Point Gipuzkoak musika elektronikoa, espazio publikoak eta ondare naturala uztartuko ditu udan

Zumaia, Donostia, Arrasate, Errenteria eta Donostiako Hipodromoa izango dira aire zabaleko musika elektronikoa, ondarea eta paisaia uztartuko dituen zikloaren agertokiak uztailetik urrira bitartean.

Dantz Point Gipuzkoa 2026k bost hitzordu izango ditu aurten Gipuzkoako hainbat txokotan banatuta. Musika elektronikoa, espazio publikoak eta ondare naturala uztartzen dituen zikloa uztailaren 11tik urriaren 3ra egingo da Zumaian, Donostiako Aste Nagusian, Arrasaten, Errenterian eta Donostiako Hipodromoan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 2025eko edizioaren arrakastaren ostean, aurten proiekzio, ikusgarritasun eta eragin sozial handiagoko programa osatu dute, jasangarritasuna, kultura deszentralizatzea eta tokiko talentu emergentea sustatzeko helburuari eutsiz.

Goizane Álvarez kultura diputatuak adierazi du Dantz Point Gipuzkoak “kultura irekia, garaikidea, irisgarria eta lurraldearekin konektatutakoa” ordezkatzen duela, eta nabarmendu du proiektuak herritarren, paisaiaren eta musikaren arteko topagune berriak sortzen dituela. Jokin Telleria Dantz Pointeko zuzendariak, berriz, azpimarratu du Gipuzkoa dela Dantz Pointen sorlekua, eta aire zabaleko espazioak aktibatzen jarraitu nahi dituztela musika elektronikoaren bidez.

Zikloa uztailaren 11n hasiko da Zumaian, Itzurun hondartzan egingo den saioarekin. N97 kolektiboarekin elkarlanean antolatutako hitzorduan Aimar, Biggie, Chapy, Irune Muguruza eta Jota ariko dira.

Abuztuaren 14an Donostiako Aste Nagusiaren barruan egingo dute hurrengo geldialdia. Irailaren 19an Arrasateko Monterron parkean izango da Dantz Point, iazko lehen edizioaren ostean berriz ere. Astebete geroago, irailaren 26an, Errenteriako Mendilorealdean egingo dute saioa, Arramendi parkearen azpiko paisaia ireki batean.

2026ko zikloa urriaren 3an amaituko da Donostiako Hipodromoan. Antolatzaileen arabera, “balio paisajistiko eta sinboliko handiko espazioa da, eta kultura zein ikus-entzunezko esperientziak hartzeko aproposa”.

Antolakuntzak nabarmendu du Dantz Point ekitaldi formatutik harago doan kultur eredua bihurtu dela azken urteetan. Musika elektronikoa komunitatea, ondarea eta espazio publikoak konektatzeko tresna gisa ulertzen dute, eta dagoeneko 160 esperientzia baino gehiago antolatu dituzte.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna