Arabako Bertsozale Elkarteak Biasteriko botargaren doinu tradizionalak euskaratu ditu

Arabako herri inauterien inguruko material didaktikoa osatzen jarraitzen du Arabako Bertsozale Elkarteak. Oraingoan, Biasteriko eta Arabar Errioxako doinu tradizionalak euskaraz jaso dituzte, ikus-entzunezko berri batekin.

Arabako Bertsozale Elkarteak urrats berria eman du Arabako herri inauterien inguruko material didaktiko eta dibulgatzailea osatzeko asmoz. Otsaileko ospakizunak amaitu ondoren, udako solstizioarekin lotutako botargen tradizioan jarri du fokua, Biasteriko jaietan protagonista den Katximorroaren inguruko ikus-entzunezko berria aurkeztuz.

Ekaitz Samaniego bertsolariak euskarazko hitzak jarri dizkie Biasteriko eta Arabar Errioxako zenbait doinu tradizionalei, Samaniegorekin batera Iris Torrego eta Ainhoa IƱiguezek jarri dituzte ahotsak eta Guardiako Victor Tapia herri ikastetxeko ikasleen hitzak ere jasotzen dira.

Bideoklipa Arabako Alea hedabidearen laguntzarekin egin da. Irudien grabazioa eta muntaketa haren eskutik etorri dira, eta musika moldaketak eta edizio lana, berriz, Mikel Goikuriak eta Garikoitz Garciak egin dituzte.

Material didaktikoa

Proiektuaren barruan, Oiongo Botargari eskainitako ikus-entzunezkoa ere laster argitaratuko dute. Horrela, Arabako bost herri inauteri eta bi botargen inguruko material didaktiko eta dibulgatiboa osatuta geratuko da 2026-2027 ikasturterako.

Azkenik, pertsonaien irudiei dagokienez, Zirriborrozik (Natxo Vidal) eta Katiuxek (Amaia Garmendia) sortu dituzte.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna