33. Umorezko Antzerki Jaialdiak hamar konpainiaren ikuskizunak bilduko ditu, eta Arabako 21 herritara zabalduko du bere zirkuitu ibiltaria.
Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdiak 33. edizioa ospatuko du abuztuaren 13tik 16ra, kaleko eta aretoko hamar ikuskizun bilduko dituen programazioarekin. Urtero bezala, hitzordua ez da Araiara mugatuko; izan ere, jaialdiak Arabako hainbat herritara zabalduko du bere eskaintza zirkuitu ibiltariaren bidez. Guztira, bost ikuskizun eskainiko dira abuztuaren 3tik irailaren 11ra bitartean 21 udalerritan, umorea eta arte eszenikoak lurralde osora eramanez.
Aurtengo kartelaren erakargarri nagusietako bat Ron Lalá konpainia. La Desconquista ikuskizuna taularatuko du abuztuaren 16an, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian. XVI. mendearen amaieran girotutako lanak umorea, satira historikoa eta zuzeneko musika uztartzen ditu, “mundu berrira” iritsi nahi duten hiru naufragoren abenturak kontatzeko. Egoera zoro eta gaizki ulertuen bidez, proposamenak garai hartako amets inperialistak ironiaz aztertzen ditu, Ron Laláren ohiko estilo bizia eta poetikoa baliatuta.
Areto barruko programazioari dagokionez, La Cuerda Teatroa & Ttipia Kultura konpainia gasteiztarrak Las Reinas Kanpina aurkeztuko du abuztuaren 14an, 22:30ean. Euskarazko antzezlana da eta urtero kanpin berean elkartzen diren hiru emakumeren istorioa kontatzen du, oporrak askatasunarekin lotzen ditugun arren benetan libre ote garen galdezka. Umore beltza, zentzugabea eta kritika soziala uztartuz, aisialdian ere errepikatzen diren botere-harremanak eta hierarkiak jartzen ditu agerian.
Aurtengo berritasunen artean dago, halaber, Edu Manazas artistaren Meraki ikuskizunaren itzulera. Emanaldia iazko edizioan bertan behera geratu zen eguraldi txarragatik, eta oraingoan ikusleek pieza bakar batean gozatzeko aukera izango dute. Zirku garaikidea, teknologia eta eszenaratze zaindua uztartzen dituen proposamenak sormenari, denboraren joanari eta gure ekintzek uzten duten arrastoari buruzko gogoeta planteatzen du. Gainera, Manazasek familientzako zirku tailerra ere eskainiko du abuztuaren 14an, akrobazia eta malabarren bidez helduen eta haurren arteko parte-hartzea sustatzeko.
Jaialdiak, beste behin ere, aretoko eta kaleko ikuskizunak uztartuko ditu. Arrazpi Berri kiroldegian egingo diren emanaldiak sarrerarekin izango dira, eta zirkuitu ibiltariko kaleko proposamenak, berriz, doan ikusi ahal izango dira Arabako hainbat herritan.