1860ko eklipse historikoa gogora ekarriko du Bibat museoko erakusketa berriak

Beste Eklipsea. Warren De la Rue erakusketak Warren De la Ruek sinatutako jatorrizko zirriborro bat, karta sorta historikoak eta astronomiarekin lotutako karta bereziak biltzen ditu.

Arabako Fournier Karta Museoak Beste Eklipsea. Warren De la Rue erakusketa paratu du urriaren 18ra arte. Bendaña Jauregian izango da ikusgai, eta 1860ko eguzki eklipse historikoaren inguruko begirada eskainiko du, Arabak garai hartan nazioarteko astronomian izan zuen protagonismoa ezagutarazteko asmoz.

Erakusketaren abiapuntua datorren abuztuaren 12an izango den eklipsea da, baina proposamenak duela 166 urteko gertaera historiko batera eramango ditu bisitariak. 1860ko uztailaren 18an Britainia Handiko espedizio zientifiko bat Arabara iritsi zen eguzki eklipsea behatzeko, eta hainbat herritan ezarri zituzten behaketa guneak, besteak beste, Eharin, Andan, Pobesen, Urizaharrean, Hereñan, Laudion eta Guardian, baita Toloño mendilerroan eta Gasteizko Santa Luzia gainean ere.

Espedizio hartako kiderik nabarmenenetako bat Warren De la Rue astronomo britainiarra izan zen. Ribabellosan jarri zuen bere behatoki eramangarria, eta handik eguzki eklipse baten lehen argazki serie osoetako bat lortu zuen. Lan horrek mugarri garrantzitsua ezarri zuen behaketa astronomikoaren historian.

Erakusketa Arabako Fournier Karta Museoan egitearen arrazoia ere De la Rue familiaren historiarekin lotuta dago. Izan ere, museoak Thomas De la Ruek sortutako karta enpresaren funtsak gordetzen ditu; Warren De la Rueren aita izan zen Thomas, eta munduko karta inprimatzaile garrantzitsuenetako baten sortzailea.

Erakusketak Warren De la Ruek sinatutako jatorrizko zirriborro bat, karta sorta historikoak eta astronomiarekin lotutako karta bereziak biltzen ditu. Pieza horien bidez, zientziaren, artearen eta industriaren arteko lotura erakusten da, eta Arabako ondare zientifikoaren pasarte esanguratsu bat ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna