(argazkia: Bertsozale elkartea)

Astelehenean abiatuko da Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketa, Leioan

Finala azaroaren 29an izango da Bilboko BBK aretoan, arratsaldeko 18:00etan.

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideak, Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak eta Oihana Bartra bertsolariak eman dituzte gaur, aurtengo BBK Sariketari buruzko xehetasunak.

Sariketa Leioan abiatuko da, urriaren 18an; saio guztiak jokatu ostean, azaroaren 29an izango da finala, BBK aretoan bertan.

Txapelketaren egiturari dagokionez, Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan: A mailan, 18 urtera arteko hiru bertsolari eta B mailan, 19 urtetik 26 urtera arteko hiru bertsolari”

Aurten ere, azken urteetan egin duten moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte eta, beraz, 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea Artibai, Uribe Butroe, eta Uribe Kosta.

Sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzea da. Hau da, “taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera”. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetarako sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalerako.

Saioz saio, finalera arte

BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala. Saio guztiak eskola-ordutegian egingo dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta nahi duena hurbildu daiteke.

Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu nahi izan du elkarteak. Finala BBK aretoan izango da azaroaren 29an, 18:00etan.

Zabaldu: