(argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea)

Astelehenean emango diote hasiera Bertsolari Gazteen BBK Sariketari

Bertsolari gazteen plazaratzea helburu du ekimenak.

Astelehenean, azaroak 4, abiatuko da Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren lehenengo kanporaketa Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Honetan bertsolariek taldean hartuko dute parte. Aissa Intxausti bertsolariak aurkezpenean nabarmendu duenez, “plazaratzea ez da erraza, gorputza jartzea eta inprobisatzea ez dira errazak, eta taldean egiteak laguntzen du”.

Taldeen osaketari dagokionez, adina kontuan hartuta, bi mailatan jokatuko da:

  • Gaztetxoak (A): 18 urtera arte. Orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte. 6 taldek hartuko dute parte.
    • Xarmengarriak gira: June Legarreta (Meñaka), Emile Zabala (Mungia), Enara Gallastegi (Dima)
    • Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos (Bilbo), Ekhi Zuluaga (Igorre), Iradi Barrenetxea (Artea)
    • AP8ko txikia: Iraia Lauzirika, Garazi Ibarretxe (Zornotza), Kelmene Abaitua (Berriz)
    • Arrakalak loratu: Garazi Uriarte (Berriz), Malen Bilbao (Arantzazu), Aiala Irurtia (Arantzazu)
    • Anitzak: Adur Lopez de Garcia (Sodupe), Aimar Marcos (Zalla), Nahia Ruiz de Arbulo (Zalla)
    • Sagutxo Kaskarinak 2.0: Amaia Gallastegi (Zornotza), Naroa Iturrioz (Zornotza), Maddi Aurtenetxe (Zornotza)
  • Nagusiak (B): 25 urtera arte. Kasu honetan aldaketa egongo da, ordea, eta bikoteka hartuko dute sariketan parte. 6 bikote izango ditugu.
    • Ai Zapotxin!: Bittor Altube (Abadiño) eta Joseba Ortuzar (Larrabetzu)
    • LGBTaket: Ainhoa Gorostiaga (Gamiz-Fika) eta Izaro Bilbao (Mungia)
    • Malla 2: Araitz Katarain (Mallabia) eta Irune Basagoiti (Ermua)
    • Okerbidea: Iruri Altzerreka (Garai) eta Peru Irastortza (Getxo)
    • Rara avis: Haizea Telleria (Bilbao) eta Maite Sarasola (Bilbo)
    • Team Rocket: Ixone Asategi (Durango) eta Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo)

Eliminazio sistemako txapelketa da; hiru kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango ditu. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen multzo bakoitzeko bikoteak egingo du aurrera.

Saioetarako gonbidapena

Goizez izango dira lehenengo faseko saioak, eta lehen hezkuntzan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleek izango dute saiook entzuteko aukera.

Finalaurrekoak eta finala, berriz, arratsaldez izango dira, eta antolatzaileek bereziki saio hauetara joateko deia egin dute. Idoia Anzorandia Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragileak adierazi duenez, “euskaltegietako ikasleak etortzera animatzen ditugu, eta hauekin batera, baita publiko zabala ere, saio bereziak izango direlako”. Finala, gainera, Zornotzan izango da abenduaren 5ean, Durangoko Azokatik hurbil egotea izan baita helburuetako bat, eta beraz, saioaren ostean, Durangora joan eta euskal kulturarekin gozatzen jarraitzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.

Sarietan berrikuntzak

“Gazteek jasotzen dituzten Elkar bonoen zenbatekoa hazi egin da, kulturan inbertitzeko aukera izan dezaten, eta, horrez gain, finalean ere hainbat sorpresa egongo dira”, aurreratu dute. Bestalde, B mailakoek sari ekonomikoa ere izango dute eta bikote txapeldunak txapela. Amaitzeko, kantakera onenaren saria ere banatuko da.

Hala ere, azken urteetan egin izan duten moduan, denontzako saria ere egongo da. Antolatzaileek garrantzi berezia eman diete bertso-eskoletako gazteen saretzeari, eta beraz, aurten ere, parte hartzaileentzako bertso egonaldia egingo da abenduan bertan. Besteak beste, bertso-eskola eta egun osoko plana izango dituzte gazteek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna