ATX Teatroaren ‘7ak bat’ antzezlanak irabazi du aurtengo Donostia Antzerki Saria

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, 7ak bat lan irabazlea eskainiko da.

Atx Teatroaren 7ak bat antzerki obrak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Iñigo Aranburuk, (Euskal Aktoreen Batasuna), Maider Galarzak (EHAZE), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñuxek (AISGE), Arantzazu Fernandezek (antzerki-kritikaria), Harri Belokik (publikoaren ordezkaria) eta Edurne Soraluzek (publikoaren ordezkaria) osatu dute. Eurentzat 7ak bat antzezlana berezia da sorreratik, antzezleak beraiek elkarlanean sortutakoa baita. Epaimahaiaren esanetan, sortzeko erak berak eragina izan du eta igarri egiten da antzezlanean, sinesgarritasuna eta indarra ematen baitio.

“Antzerki lengoaia bikaina” dela ere nabarmendu du epaimahaiak. Izan ere, “lanak ikuslearengana iristea lortzen du, taula gainean oso baliabide gutxi izan arren. Eremu eszenikoa biluzik ageri da eta tramankulu bakar bat erabilita erabateko transmisioa lortzen du. Horretan, noski, hiru aktoreen lana goraipatzekoa da”.

Epaimahaiak, gainera, obra horrekin hartutako arriskua balioetsi du, “produktu ezohikoa eta desberdina taularatu du ATX konpainiak”.

ATX Teatroak 12.000 euro jasoko ditu eta baita Amable Arias artista polifazetikoaren artelana ere. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, 7ak bat lan irabazlea eskainiko da.

Aiora Sedano da 7ak bat antzerki obra honetako aktoreetako bat, Kultur Shareak antzezlanaren inguruan egin zion elkarrizketa iaz. Hemen duzue entzungai.

Zabaldu: