Sarrera salmenta abenduaren 18an hasiko da, 10:00etan pantxoaetapeio.eus webgunean.
1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran euskaraz kantatzea etengabe atzera egiten ari zen hizkuntza batean kantatzea zen. Kantatzea borroka egiteko modu bat zen, eta Pantxoa eta Peioren kantagintza orduko euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko borroka eta aldarri horren bozgorailu izan zen.
Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart, Xalbador, Jean Louis Davant, Roger Idiart, Xabier Lete eta beste hainbat idazleren hitzak musikatu zituzten eta, ustekabean, belaunaldi askorentzako ereserki bilakatu ziren kanta haiek.
Euskal Herriaren historia ezagutzeko euskarazko kantagintzaren historia ezagutu beharra dago. Pantxoa eta Peioren kantagintza, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kulturgintzak, orohar, eta bereziki kantagintzak, gainontzeko euskal herriei egin dien eta dagien ekarpenaren adibide nabarmena da. Belaunaldi bat baino gehiago garen euskaldun euskaltzaleak bagara, euskarazko kantagintzaren eraginez ere bagara.
Bikoak 1969an argitaratu zituen lehen kantak eta 2009an berrienak. Tartean, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dituzte. Euskarazko kantagintzaren ondarearen bildumako baitezpadako aleak.
2011ko urte hondarrean oholtzara igo ziren elkarrekin azkenengoz, bukaerakoa izango zela ohartu gabe. Aurreikusi gabeko etenaldi mugagabea izan zen.
Gaur, asteartea, zale guztiekiko esker onez, Pantxoak eta Peiok 40 urtetik gorako ibilbideari amaiera duin bat ematea erabaki dute eta Bilboko Kafe Antzokian egin duten agerraldian Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez eta Jon Maiaren parte-hartzearekin egindako ikus-entzunezko pieza baten bidez azken kontzertu bat iragarri dute: 2027ko urtarrilaren 10ean, azkenengoz kantatuko dute jendaurrean, Barakaldoko BECen.
Azken kantaldi horretarako sarrerak, abenduaren 18an jarriko dira salgai goizeko 10:00etan pantxoaetapeio.eus webgunean.