'Argako erregina' antzezlana

Baratxinto Fest Pirinioetako Arteen III. Jaialdia egingo da ekainaren 23tik 25era, Erronkarin eta Burgin

Arte eszenikoen lau ikuskizun, hiru arte-interbentzio karriketan bisita gidatuaren bidez, errezitaldi poetiko antzeztu bat, musika-kontzertu bat eta artisau-garagardo azoka izango dira.  

Aurreko edizioetako harrera ona ikusita, Saioa Iribarren eta Ander Basalduaren Goitibera Antzerki konpainiak, Ariadne Iribarren artista bisualak eta Erronkariko Udalak Baratxinto Fest jaiadia antolatu dute ekainaren 23tik 25era bitartean, Erronkarin eta Burgin. Pirinioetako Arteen hirugarren jaialdia izango da aurtengoa eta egitarau oparoa antolatu dute, “ostiralean emango zaio hasiera, 17:30ean, topa eginez. Ondoren, Argako erregina (Estefania de Paz Asin) liburuaren aurkezpena eta antzezlana taularatuko da, lehenik gazteleraz eta ondoren euskaraz. “Ikuskizun honek interpretazio onenaren 2022ko Feten Saria jaso zuen, eta hainbat arte, teknika eta hizkuntza artistiko (narrazioa, interpretazioa, objektuen antzerkia, ilusionismoa, arte plastikoak, zirkua, clowna, etab.) uztartzen ditu zirku-arteen historia Remigia Etxarren funanbulista nafarraren eskutik kontatzeko”.

Iluntzeko 20:30ean, berriz, espazio publikoko arte-erakusketa ibiltaria izango da. Erakusketa hiru esku-hartze artistikok osatzen dute (zeramika, murala eta instalazioa), eta Laura Martinek, Marco Iriartek eta Ariadne Iribarrenek sortu dute. Artelanak herrian barna kokatuak izateko pentsatuta daude, iazko bilduma osatze aldera, helburua baita arte garaikidea landa-ingurunera eta bertan bizi direnengana hurbiltzea.

Larunbatean, hilak 24, interbentzio artistikoetara bisita gidatu ibiltariak errepikatuko dira goizeko 12:30ean eta arratsaldeko 17:00etan. Gainera, Iñaki de Miguel aktoreak errezitaldi poetikoa eskainiko du 13:30ean Erronkariko Arana auzoko garbitegian, Uretako bertsoak izenburupean. Bertan, bere testuak eta emakumeek idatzitako olerkiak, musika, soinuak eta isiluneak nahasten ditu, landa eremuko emakumeek historia hurbilean egindako lanei buruzko ibilbide txiki bat eskainiz.

Erronkariko frontoian, 18:00etatik aurrera, Nafarroako Garagardo Ekoizle Txikien Azoka –Beer Xeia– izango da, Thursday’s Pussy Dogs rock taldearen kontzertuarekin batera (20:00etan). Gaueko 22:30etan Herencia clown-ikuskizuna eskainiko da eta honekin etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi diegun munduari buruzko gogoeta egiteko aukera eskainiko da.

Jaialdiari amaiera emateko, igandean bi emanaldi izango dira: Catastrofer zirku artistak Punch!, un golpe de apatía obra taularatuko du 12:30ean Erronkariko pilotalekuan, “clown ikuskizun ausarta eta pikardiaz beteta”, azaldu dute antolatzaileek. Arratsaldean, berriz, Rojo Telon konpainiak Nudo zirku-erakustaldia eskainiko du Burgiko enparantzan. “Ikuskizun honetan, hiru emakumek mundu desberdinak zeharkatuko dituzte, umorea, interpretazioa eta aireko eta lurzoruko zirku-tekniken bidez, publikoa zapuztu eta esperientzia zerutiarra biziarazteko asmoz”.

Egitaraua: Baratxinto programa.

Zabaldu: