(argazkia: Araba Euskaraz)

Bastida ikastola laguntzeko egingo da Arabako ikastolen aldeko 2025eko jaia

Olarizun izango da egun handia ekainaren 15ean, zortzi ikastolek bat eginda, eta urte osorako egitaraua ere izango du.

Azken edizioetan egin duten bezala, Araba Euskaraz urtea aurkeztu dute Gasteizen. Jaia ekainaren 15ean izango da, Gasteizko Olarizun, baina urteko ekitaldiei urriaren 18an emango diete hasiera, Bastidan. Izan ere Arabar Errioxako Bastida ikastola laguntzeko egingo da hurrengo Araba Euskaraz. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Ikastolen Elkartean batzen garen Arabako zortzi ikastolen artean landu dugu egitaraua, eta berau eta Araba Euskaraz eguna antolatzeko batzordeak ere osatu ditugu.

Urtean zehar hainbat ekimen eramango dituzte aurrera denen artean, hil honetan bertan hasita. Datetan aldaketaren bat izan daitekeela ohartarazi dute, eta aipatzen direnez gain besteren bat ere antolatu dezaketen arren, hauek dira buruan dituzten ekimenak: Urriaren 18an, Araba Euskaraz 25 Aurkezpen jaia, Bastidan; abenduaren 3an eta 4an, Gazte Talent lehiaketaren finala, Gasteizen; urtarrilaren 26an Go!azen kontzertua, Gasteizen, otsailean, AE 25 Euskal Pilota Topaketak, Bastidan; martxoan, AE 25 Abestiaren aurkezpena, EHU Gasteizen; martxoaren 21ean, 28an eta apirilaren 4an, AE 25 Maters Series (Jai Alai league), Gasteizen; apirilaren 4an, Non eta Mugan Gazte Topaketa, Bastidan; apirilaren 11n, Elkarrekin Martxan!, Bastidan, Argantzunen eta Amurrion; maiatzaren 17an, Etengabe Jaialdia, Bastidan; eta ekainaren 15ean, Araba Euskaraz 2025 jaia, Olarizun.

Araba Euskaraz egunari begira, berriz, aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari dira prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko dituzte. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena.

Etengabe, 2025eko leloa

45 urte igaro dira ikastola ireki zutenetik, eta ordutik etengabe ari dira Bastidari kalitatezko hezkuntza eskaintzen, euskaran eta euskal kulturan ardaztuta. “Gurasoen kooperatiban antolatua, bokazioak, inplikazioak eta pasioak mugiarazten gaitu”. Etengabe, hezkuntza eta pedagogia: Ikastola ereduan oinarrituta, pedagogia aurrerakoiak baliatuz, ikasleak erdigunean jarrita hezten ditugu, haiek baitira gure egitekoaren ardatz, gure iparra.

Etengabe, hizkuntza eta kultura: “Ikastola ereduaren zutabe nagusiak izaki, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu”.

Etengabe, berrikuntza eta eraldaketa: “Ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan oinarritutako eraldaketa ari gara eragiten hezkuntzan. Hezkuntza ari gara eraldatzen, gizartea eraldatu nahi dugulako. Horretarako, irakasle eta profesional talde konprometitu eta sendo bat daukagu”.

Etengabe, eragiten: “Herrian txertaturik, herrian eragiten. Bastidari zabal zabalik gaude. Hartu-eman etengabean, herritarrekin lankidetzan, hezkuntzan, euskaran eta euskal kulturan eragiten dihardugu etengabe. Eskualdeko beste ikastolekin harreman estuan, Arabar Errioxa guztian eragitea dugu helburu”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna