(argazkia: Alberdania)

Elena Martinezek ‘Egun gorrietan’ saiakera liburua aurkeztu du

Gizartean mugitzen diren indar ageriko zein isilpekoagoen arteko dialektikari etengabe erreparatuz idatzi du liburua egileak.

Gogoeta liburua da Elena Martinez Rubio idazle eta filosofoak (Bilbo, 1957) Egun gorrietan izenburupean gaur, Donostian aurkeztu duena. Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratutako lanak hogeita bost pieza biltzen ditu, eta Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, honetan ere bere “askotarikotasuna” agertzen da, “askotarikoak baitira gogoetagaiak, historia, politika, literatura, antropologia, hizkuntza, filosofia eta zientziaren eremuetara iristen direnak”.

Erregistroetan ere anizkoitza da liburua, saiogileak ez baititu izkribuak molde bakarrera mugatu: kronikatik exegesira egiten du txango, biografiatik analisira eta handik proposamenezko testura, “betiere zehaztasuna helburu duen hizkera zainduaz”, gaineratu du editoreak.

Martinezek obraren azpititulua azaldu nahi izan du, eta “Sigi-sagako gogoetak” direla aitortu du “azaletik bertatik, ibilian bezala idatzi ditudala esan baitaiteke, nire bidaien eta zaletasunen harira”.

Liburuko pasarte batean, eta mugimendua aldarrikatuz, honako hau dio egileak “filosofia, izatez eta errotik, geldotasun kontsumitzailearen kontrakoa da”. Martinezen ustez, “argi dago kontsumoak eragiten eta sustatzen duen geldotasuna pentsamendu kritikoa kamustu egiten duela, eta hura suntsitzeraino iritsi daitekeela”.

Gizartean mugitzen diren indar ageriko zein isilpekoagoen arteko dialektikari etengabe erreparatuz idatzi du liburua egileak, “etengabeko solasaldi horren zergatiak eta eraginak ulertu, azaldu eta barneratzea helburu, eta gure garaietan –eta historian zehar– noiznahi eta nonahi nagusi dabiltzan zentzugabekeria, bidegabekeria, sasiargudiatzea agerian jarriz. Izan ere, eta liburuan idatzi dudanez, gizartean agertzen diren arazo asko eta asko ez dira albo-kalteak, baizik eta merkantilismoaren berezko helburua”.

Aurkezpenean liburuko pasarte bat irakurri du editoreak, bere ustez oso ongi laburbiltzen duelako saiogilearen asmoa: “Trebetasun eta antze teknikoaz harago, garrantzitsua da erabaki etiko bat hartzea mota guztietako agintekerien mendeko ez izateko, dela diktadura politikoarena, dela merkatuarena, dela garai bakoitzean esan gabe doanaren agintekeriaren mendeko”.

Martinez Bilbon jaio zen gurasoak han zirelako oporretan, baina Parisen eman zituen lehen urteak. “Elenaren bizi-ibilbidearen ezaugarri bat aukeratzekotan askotarikotasuna” azpimarratu beharko genuke”, dio editoreak, “bai prestakuntzaren ikuspegitik, bai jardueren aldetik, bai hizkuntzen aniztasunagatik ere”. Izan ere, Alemaniakoa du Martinezek batxilergoa, eta han egin zuen, baita ere, Filosofia eta Soziologiako lehen zikloa ere. Lizentziatura, berriz, Bartzelonako Autonomoan egin zuen, katalanez.

Hannah Arendti buruz egin zuen doktoretza tesia, Javier Sadabak zuzenduta, eta berea izan zen filosofo, politologo eta kazetari alemaniarrari buruz Estatu espainiarrean egin zen lehendabizikoa. Euskal filologia ere ikasi du Deustuko Unibertsitatean, eta Literatura, Berlingo Unibertsitatean. Lan ibilbideari dagokienez: Berlingo Unibertsitatean eta Frankfurten euskara irakatsi du, eta Filosofia Euskal Herriko Unibertsitatean, euskaraz.

Gaur aurkeztu duen liburuaren aurretik, hainbat saiakera argitaratu ditu, besteak beste Un pensamiento a la intemperie (Hannah Arendti buruz) (1999), Bidaia filosofikoak (2015) eta Jactaos vosotros (2015). Hiztegigintzan ere aritu da: Euskara-Alemana/Deutsch-Baskisch Hiztegia (2006 eta 2011).

Zabaldu: