(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Beñat Astiz barañaindarrak jantzi du 2022ko Nafarroako Eskolartekoaren txapela

Zazpi bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Barañaingo jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

36. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Arantzako Aterpean jokatu da, bertan ospatzen ari diren Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen baitan. Zazpi bertsolarik hartu dute parte txapelketan: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea). Ainhoa Larretxeak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta aritu dira epaile lanetan.

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Beñat Astiz eta Eki Mateorena. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu dira bi bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta.

Azkenean, Astizek bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da aurtengo Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.

Bertsolari barañaindarrak Eneko Fernandez Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu honetan, Eki Mateorenak irabazi du sari hori eta Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren eskutik garaikurra jaso du.

Eskolarteko Txapelketa Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen barruan egin da. Nafarroako haur eta gaztetxoen Bertso Eskoletako 60 lagun inguru elkartu dira Arantzan, eta asteburu osoko egitarauaz gozatu dute.

Zabaldu: