(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsoaren plazarik handiena Hazparnen abiatuko da irailaren 19an

Abenduaren 20an jokatuko da finala Iruñeko Nafarroa Arenan, eta sarrerak ekainaren 17an jarriko dituzte salgai.

Bertsozale Elkarteak 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurkeztu du Bilbon, eta guztira 50 bertsolarik hartuko dute parte txapelaren lehian. Txapelketa irailaren 19an abiatuko da eta abenduaren 20an jokatuko dute final handia Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “ilusioz eta arduraz bizi dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, sortzen duen irrikaren eta eragiten duen lurrikara ederraren jakitun”. Dagoeneko lurra mugimenduan dela diote elkarteko kideek, gaurkoarekin hasi da dardara. Jakinarazi baitira datak, saioak eta partaideak.

Hala, 2022koarekin alderatuta, sei bertsolari gehiago ditu aurtengo aldiak: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Hori horrela, saio bat gehitu zaio txapelketari, eta, lehen fasean, sei saioren ordez zazpi izango dira. Zazpi saio horiek Euskal Herriko zazpi probintziatan jokatuko dira. “Txapelketak udazkeneko agenda hartuko du, eta unea baliatu nahi dugu bertsoa, kultura eta euskara mapan kokatzeko “, adierazi dute. Izan ere, “kultura eta euskara ito nahi duten honetan, hitza giltza eta euskara funtsa dituzten diziplinak arnasgune eta arnasaldi dira”, azpimarratu dute.

Sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian.

Udane Mugerza txapelketako arduradunak azaldu duenez, Bertsozale Elkartearen bazkide direnek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. “Aste horretan sarrera erosteko aukera bermatuta izango dute honela”. Horrez gain, txapelketa osoko bonua erosteko aukera eta saio guztietarako beherapena ere izango dute.

Bertsozale Elkartea komunitateak egiten duela gaineratu dute: “ezinbestekoak dira borondatezko lanaren ekarpena eta proiektuko bazkideen sostengua”. Txapelketako sarreren aukera baliatu eta bazkide izateko pausoa egitera animatu du bertsozalea.

Ziklo baten itxiera

Oier Iurramendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, “bertsolaritzak gure egunerokoari kantatzen dio: inguratzen gaituzten gauza txikietatik hasi, norbera zeharkatzen duten kezka, poz edo kontraesanetatik pasa eta mundu mailako gertaera globaletaraino. Txapelketak balioko du horretarako: ingurura ez ezik, barrura begiratzeko, horretarako heldulekuak ematen baititu bertsolaritzak.  Txapelketak ere balio du momentuaren eta lau urteko aldiaren argazkia ateratzeko”.

Beraz, ziklo baten amaiera irailean hasiko da, eta prentsaurrekoan azaldu duten moduan, “sumendiak bezala piztear gara eta bor-borka egingo dugu. Hasi da lurrikara”.

 

 

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna