(argazkia: Elgoibarko Udala)

Idazle berrientzako Gotzon Garate Bekaren bosgarren deialdia martxan da

Eleberri proiektu originalak aurkezteko aukera izango dute euskaraz sortzen duten egile berriek, Jasone Osororen mentoretzarekin eta 8.000 euroko laguntzarekin.

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate Bekaren bosgarren deialdia aurkeztu du, Danobat kooperatiba elkartearen eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin. Bekaren helburua euskal kultura sustatzea eta euskaraz sortzen duten idazle berriei laguntza ematea da, Gotzon Garate euskaralari eta idazle elgoibartarraren memoria omentzearekin batera.

2009an sortu zen beka, euskararen arloko lanak sustatzeko asmoz. Lehen deialdian Elgoibarko toponimia izan zuten aztergai; ondorengo urteetan, berriz, euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak, Euskara ala Ezkara zikloen edukien zabalkundea edota hizkuntza aniztasunaren inguruko ikerketak landu dira. Aurten, aldiz, eleberrigintzara bideratu dute deialdia, sortzaile berriei espazio eta laguntza bat eskaintzeko asmoz.

Aurtengo edizioan, euskarazko eleberri proiektu original eta argitaragabeak aurkeztu ahal izango dira, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatu gabeak. Deialdia egile berriei zuzenduta dagoenez, parte-hartzaileek gehienez liburu bat argitaratua izan ahal izango dute 2026ko uztailaren 30a baino lehen.

Bekak 8.000 euroko laguntza izango du eta egileak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du lana osatzeko. Gainera, Jasone Osoro idazleak egingo ditu koordinazio eta mentoretza lanak. Epaimahaia, berriz, Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon idazleek osatuko dute.

Deialdiaren oinarriak eta izen-emate informazioa Elgoibarko Udalaren webgunean daude eskuragarri. Proiektuak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 30ean amaituko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna