Bilboko jaialdiak Ditsieren lanari buruzko atzera begirakoa antolatu du. Zinemagileak ekainaren 22an jasoko du saria Arriaga Antzokian.
Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak DAMAk babestutako edizio honetako Ohorezko Saria Bev Ditsierentzat izango dela jakinarazi du gaur. Hegoafrikako zinegile eta LGBTIQ+ eskubideen aldeko ekintzaileak ekainaren 22an jasoko du saria Arriaga Antzokian egingo den 23. edizioaren irekiera ekitaldian.
Jaialdiak, gainera, Ditsieren filmografiari buruzko atzera begirakoa prestatu du. Horren barruan, bere ibilbidean funtsezkoak izan diren bi lan proiektatuko dituzte. Ekainaren 21ean, Bilborocken Simon and I ikusteko aukera egongo da, eta aurretik Ditsiek solasaldia egingo du Irantzu Varela kazetariarekin. Ekainaren 23an, berriz, Golem Zinemak aretoetan Lesbians Free Everyone – The Beijing Retrospective emango dute.
Bev Ditsie Soweton hazi zen, apartheid garaian. Gaztetatik parte hartu zuen apartheidaren aurkako mugimenduetan, eta 1990ean Johannesburgoko Harrotasunaren aldeko lehen martxaren antolatzaileetako bat izan zen. Bost urte geroago, NBEren aurrean LGBTIQ+ eskubideei buruz modu irekian hitz egin zuen lehen emakume lesbiana izan zen, Pekingo Emakumeari buruzko Munduko Konferentzian.
Alaitz Arenzanak nabarmendu duenez, “kultura borrokarako beste modu bat da Ditsierentzat, eta zinema, zehazki, memoriarako eta erresistentziarako tresna”. Azaldu duenez, dokumentalen bidez isildutako edo ikusezin bihurtutako istorioak kontatu ditu urteotan.
Bere aldetik, Ditsiek aitortu du sari hau jasotzeaz harro dagoela: “Egiten dugun lana zaila da, gainera askotan oharkabean pasatzen da eta ez du errekonozimendurik jasotzen; beraz, beti da zirraragarria horrelako aitortza bat”.
Zinegoakek ekainaren 9an aurkeztuko du 23. edizioaren programazio osoa.