Landako Gunea eta gainerako guneak azokarako atontzen ari dira egunotan, eta, hala, muntaketa azken txanpan sartu da. “Erakusmahaiak kokatu, seinaleak ezarri, argi eta soinu probak egin… lan guztiak martxa onean doaz”, adierazi dute antolatzaileek.
Bi egun baino ez dira falta 58. Durangoko Azokari hasiera emateko. Asteazkenean, 10:30ean irekiko dira Landako Guneko ateak, eta 12:00etan egingo da aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia, Szenatokian (San Agustin kulturgunean). Antolatzaileen esanetan, “Azoka unibertso berezi bat da, irudimenez eta emozioz josirikoa, eta bere fantasiaren baitan harrapatzen zaitu. Aurtengo egitarauan 265 ekitaldi jaso dira, zein baino zein interesgarriagoak.
Aurkezpenean esan bezala, ekintza sorta anitza, aktuala eta gaztea izango da, eta lehen eguna ere horren erakusgarri izango da”. Sarrerako ekitaldia eta gero, gunez gune denetik topatuko du kulturazaleak: Oihane Amantegi; Uxue Alberdi eta Bernardo Atxagaren aurkezpenak, esaterako, Gure Zirkuaren dokumentala, nerabeei mugikorra emateko gidaren azalpena, haurrentzako ikuskizunak edota Mikel Martinez aktorearen bakarrizketa, besteak beste. Egitarau osoa ikusgai, hemen.
Azken txanpa
Landako Gunea eta gainerako guneak azokarako atontzen ari dira egunotan, eta, hala, muntaketa azken txanpan sartu da. “Erakusmahaiak kokatu, seinaleak ezarri, argi eta soinu probak egin… lan guztiak martxa onean doaz”, adierazi dute.
Bestalde, Durangoko Azokaren antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa helarazi die herrira etorriko diren kulturazaleei. “Autoa erabiliko dutenek, doako autobus zerbitzu bat izango dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara, ordu erdiro”.
Durangoko Azokaren ordutegia 10:30etik 20:00etarakoa izango da. Hala ere, azken egunean, abenduak 10, 18:00etan itxiko dira ateak.