[BIDEOA] Booktegik eta Nafar Ateneoak Margarita Nafarroakoak idatzitako ‘Heptamerona’ euskaratzeko proiektua abiatu dute

Liburua Booktegiren webgunean argitaratu nahi dute formatu digitalean, baina ez dute baztertzen paperezko formatuan ere plazaratzea. Egitasmoa finantzatzeko diru bilketa bat abiatu dute Itsulapikoa.eus plataformaren bidez.

Margarita Nafarroakoak 1559an idatzi zuen frantsesez Heptamerona – Nafarroako erreginaren liburua, eta gaur arte ez da inoiz euskarara itzuli. Guztira 72 ipuin edo istoriok osatzen dute liburua, eta zortzi ‘egunetan’ antolatuta daude.

Hainbat ipuinen ikuspuntu aurrerakoiak ere –besteak beste, genero-ikuspegitik– gaur egungo irakurleentzako erakargarri bihurtzen du Nafarroako erreginaren liburua.

Lanak itxialdi batean kontaturiko narrazioak biltzen ditu, eta 2020ko itxialdian, hain zuzen, sortu zen euskarara ekartzeko ideia.

Booktegi.eus plataforma digitalak eta Nafar Ateneoak hartu dute lana euskaratzeko ardura, “liburua klasiko bat da, Nafarroakoa, eta gizarte osoarentzat berreskuratu nahi dugu, baita nahi duten irakurle guztien eskuetara helarazi ere”, adierazi dute.

Asmoa liburu osoa itzultzea da. “Urtero itzulitako ‘eguna’ jendaurrean irakurriko da eta saiatuko gara ahalik eta lagun eta erakunde gehienek parte har dezaten irakurrialdian”, azaldu dute. Hala, lehen irakurketa-saioa Iruñeko Kondestable jauregian egingo duten, urriaren 2an.

Liburua Booktegiren webgunean argitaratu nahi dute formatu digitalean, baina ez dute baztertzen paperezko formatuan ere plazaratzea.

Egitasmoa finantzatzeko diru bilketa bat abiatu dute itsulapikoa.eus plataformaren bidez.

Zabaldu: