Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak beka ere aurkeztuko dute aurrenekoz. Beka horrek 3.000 euroko saria bideratuko du datorren urteko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
Bilboko Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak zikloaren bigarren edizioa abiatuko du irailaren 23an. “2020. urtea oso gorabeheratsua izanagatik ere, egitarauak oso harrera ona izan zuen kulturzaleen artean. Hartara, bigarren edizioa egingo dugu irailetik abendura bitartean”.
Horrekin batera, aurten Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak beka aurkeztuko dute estreinakoz. Beka horrek 3.000 euroko saria bideratuko du 2022ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
Bigarren edizio honek ere literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu. “Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean”, azaldu dute antolatzaileek.
Irailaren 23an emango diote hasiera zikloari oMorruMU baMat musika proiektuarekin. Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Hurtadok berak sortutako software esperimentalekin uztartu zituzten.
Zikloak urriaren 7an izango du jarraipena Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan oinarritutako literatura bertso-saioarekin. Alberdik gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
Urriaren 29an, Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika ikuskizunaren txanda izango da. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea izango dira taula gainean; hau da, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat.
Azaroaren 11n, Zientzia Fikziozko Bertso Saioa izango da Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsolarien eskutik. Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo izango dira gidoilariak.
Zikloarekin amaitzeko, abenduaren 17an Anariren Habiak diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa egongo da ikusgai; Kantariak disko horretako zenbait kantu joko ditu bertan.
Emanaldi guztiak doan izango dira, arratsaldeko 19:30ean. Ekitaldiok Lanku, Booktegi eta Loraldiarekin egin dira elkarlanean.